FUTBOLA

ARRATIA TXAPELDUN!!

Ager Barragan 2026ko apirilaren 27a

Andrazkoen Arratia A taldeak domeka eguerdian jokatu eban etxean eta 2-0 irabazi eban Real Sociedad C taldearen kontra. Holan, Emakumezkoen RFEF Hirugarren Mailako laugarren taldeko txapeldun izan da eta oin Bigarren Mailara igoteko promozinoa jokatuko dau.

Giro itzela egoan Urbietan domeka eguerdian, Arratiak deialdia egin eban jentea futbol zelaira hurreratzeko eskatzen eta erantzuna itzela izan zan. Astegoienero andrazkoen Arratia A ikusten joaten diranei jente asko batu jakon eta 600dik gora zale izan ziran harmailetan. Jokalari izandako asko egon ziran, aspaldikoak Leire Orue billaroztarra berbarako edo Naia Bilbao igorreztarra, garagarriletik aurrera Arratiako presindentea izango dana, Arrate Arrieta Ugaokoa edo pasau dan denporaldiaren ostean futbola itxi eban Maddi Ayarza dimoztarra. Andrazkoen Arratia B taldeko hainbat jokalari be izan ziran partiduan. Gogoratu Arratia B partidu biren faltan bigarren postuan dagoala eta postu horrek Euskal Ligara igoteko promozinoa jokatzea ahalbidetzen dauala. Zale askok “Zaila bada, ez da ezinezkoa” leloa eukan kamisetea eukien jantzita.

Partiduari jagokonez 15. minutuan aurreratu ziran arratiarrak Nerea Izagirrek areaz kanpo sartutako gol itzelari esker eta 30. minutuan, denporaldi sano ona egin dauan Olaitz Arroyo igorreztarrak bigarrena sartu eban areaz kanpo atezainaren gainetik jaurti eta sartutako golari esker, Arroyok 8 gol sartu ditu eta taldeko golegile nagusia izan da.
 

Partidu amaieran etorri zan eztanda eta jokalariek ondo ospatu eben txapeldun izatea, “Txapeldunak” aurrekaldean eta “Gu gara Arratie” eta jokalari guztien izenak idatzita eukazan kamisetak jantzi ebezan. Jaia gauera arte luzatu zan Igorren. Arratiak egindakoa historikoa da, inoz ez da andrazkoen talde bat hain maila altuan jokatzen egon eta. Igaz be igoera promozinoa jokatu eben baina bigarren izanda. Partiduaren ostean Nerea Beitia kapitainak eta Olaitz Arroyok hau adierazo eutsien BEGITUri: “Oso harro eta pozik gagoz. Urte osoko burrukeak saria ekarri dau. Argi euki dogu zein zan helburua eta benetan gaur bizi doguna sano polita izan da. Oindino beste partidu bi daukaguz eta egurra emoten segiduko dogu. Lortu doguna ospatutea toketan jaku oin eta hurrengo partiduan ehuneko ehuna emongo dogu igoerea lortzeako”. Arratiaren presidentea dan Pedro Ormazabalegaz be egon zan BEGITU eta hauxe esan eban: “Garaipen honek dauala urte batzuk pentsaezina zan zeozer suposatzen dau, ligako txapeldun izatea! Igaz ia igon gendun eta aurten denporaldi bikain baten ostean eta txapeldun izanda, aukera hori izango dogu barriro. Gaurko giroa aparta izan da, aurreko entrenatzaile biak etorri dira, urteetan taldean egon diran jokalariak be eta batez be zale asko. Espero daigun giro hau igoerako play-offean be egotea eta datorren denporaldian gero eta jente gehiago etortea. Horrek danorrek Arratiako beheko mailetara gero eta neska gehiago etorteko balio dau”.
 
Oin Arratiak Emakumezkoen RFEF Bigarren Mailara igoteko promozinoa jokatuko dau baina oindino ez dago zehaztuta ez noren kontra ezta noz izango diran partiduak.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!