FUTBOLA

Lemoako Harrobi eta andrazkoen Arratia B bigarren postuan

Erredakzinoa 2026ko apirilaren 27a

Lemoako Harrobik eta andrazkoen Arratia Bk irabazi egin eben eta gizonezkoen Arratia A eta Bk galdu.

Lemoako Harrobik zapatu arrastian jokatu eban etxean La Merced A taldearen kontra eta 3-2 irabazi eban. Atsedenaldira 0 eta 2 galtzean heldu ziran baina bigarren zatian markagailuari bueltean emon eutseen arratiarrek 3 gol sartuta. 48. Minutuan Unax Arnaizek, 56.enean Asier Beldarrainek eta 57.enean Jon Amurizak sartu ebezan golak. 30 jardunaldi jokatu ostean eta ligea amaituteko lau partiduren faltan Lemoako taldea bigarren postuan dago 65 puntugaz, igoera postuan, eta 4 puntu ateraten deutsaz hirugarrenari. Datorren partidua lidertzan dagoan Umore Ona A taldearen kontra jokatuko dau Usansolon maiatzaren 1ean, 12:15ean.
 
Arratia
Andrazkoen Arratia B taldeak zapatu arrastian jokatu eban Urbietan lidertzan dagoan Indartsu taldearen kontra eta 2-1 irabazi eban. Kanpotarrak aurreratu ziran lehen zatia amaitzeko egoanean. Bigarren zatia hasi eta segiduan arratiarrak bardinketea lortu eben Nerea Garizurietaren golari esker eta 60. minutuan Yara Machok bi eta batekoa sartu eban. Partidu sano garrantzitsua zan ze partidu biren faltan Arratia B bigarren postuan kokatu da eta bigarren postuak igoera promozinoa jokatzea ahalbidetzen dau. Liderraren kontrako partidu biak irabazi ditu Arratia Bk. Ligea amaituteko partidu biren faltan bigarren postuan dagoz arratiarrak 50 puntugaz. Datorren partidua etxetik kanpo jokatuko dau Etxebarri taldearen kontra, maiatzaren 2an, 15:30ean.
 
Gizonezkoen Arratia A taldeak domeka goizean jokatu eban etxetik kanpo eta 3-2 galdu eban Astrabuduako taldearen kontra. Atsedenaldira 2-0 galtzean heldu ziran arratiarrak eta bigarren zatia hasi eta segiduan Azibar Sagarnak 2 eta 1ekoa ipini eban markagailuan penaltia sartuta. 59. minutuan etxekoek 3 eta 1ekoa sartu eben eta Arratiak 89. minutuan sartu eban 3 eta 2koa Aitor Leivaren golari esker. 30 jardunaldiren ostean 47 puntu ditu Arratia Ak eta bosgarren postuan dago, igoera postuetatik 4 puntura. Datorren partidua Urbietan jokatuko dau Begoña A taldearen kontra aprilaren 30ean, eguena, arrastiko 20:00etan.
 
Gizonezkoen Arratia B taldeak zapatu arrastian jokatu eban Urbietan Elorrio B taldearen kontra eta 0-3 galdu eban. 30 jardunaldiren ostean 27 puntu ditu Arratia Bk eta hamaseigarren postuan dago, jatsiera postuak 12 puntu dagozanean jokoan 8 puntur ditu. Datorren partidua etxetik kanpo jokatuko dau Ezkurdi A taldearen kontra, maiatzaren 3an, 17:45ean.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!