FUTBOLA

Andrazkoen Arratia A lider da ligea amaituteko partidu bakarraren faltan

Erredakzinoa 2026ko apirilaren 20a

Andrazkoen Arratia Ak eta Lemoako Harrobik baino ez dabe irabazi atzen jardunaldian. Gizonezkoen Arratia Ak bardindu eta andrazko eta gizonezkoen Arratia Bk galdu.

Andrazkoen Arratia A taldeak domeka eguerdian jokatu eban Alaves B taldearen kontra eta 0-1 irabazi eban. Partidu oso garrantzitsua zan, ze ligea amaituteko partidu bakarraren faltan, Arratia A lider da Athleticegaz bardinduta. Partiduko gol bakarra Maialen Cocok sartu eban 78. minutuan. 21 jardunaldiren ostean 46 puntu ditu Arratia Ak eta lider da. BEGITU taldeko kapitaina dan Lemoako Nerea Beitiagaz egon zan eta hauxe adierazo eban: “Partidu gogorra izan da. Errementauta amaitu dogu. Oso ondo egon gara! Lehenengo zatian oso oso ondo. Aukerak euki doguz gola sartzeako. Bigarren zati hasikeran eurek hobeto ibili dira, sufridu egin dogu, baina gero partidua zabalik egon da. Gola sartu dogu eta partidu amaieran defendidutea tokau jaku, baina ondo egon gara. Partidu serioa egin dogu”. Datorren partidua Urbietan jokatuko dau Real Sociedad c taldearen kontra hilaren 26an, 12:00etan. Irabazi ezkero partidua lehen postuan amaituko leuke eta igoera promozinoa jokatuko leuke Igorreko taldeak.

Andrazkoen Arratia B taldeak zapatu eguerdian jokatu eban etxetik kanpo Ibaiondo Nerbioi A taldearen kontra eta 3-2 galdu eban. Arratiarrak aurreratu ziran markagailuan 18. minutuan etxekoek euren atean sartutako gol bateri esker; 41. minutuan ostera bardinketea lortu eben. Bigarren zatian ostera 56. eta 67. minutuetan penalti bigaz 3-1 ipini ziran etxekoak, arratiarrek 89. minutuan Matxalen Gonzalezek sartutako golagaz aldea murriztu eben. Atzen hiru partiduak segiduan galdu ostean eta ligea amaituteko 9 puntu bakarrik dagozanean jokoan, Arratia B hirugarren postuan dago oin 47 puntugaz eta promozinoa jokatzeko postua 2 puntura dauka, partidu bat gitxiago jokatu dauan arren. Datorren partidua etxean jokatuko dau líder dan Indartsu taldearen kontra, hilaren 25ean, 15:30ean.

Gizonezkoen Arratia A taldeak domeka arrastian jokatu eban etxean Gatika taldearen kontra eta husna bardindu eben. Aukera itzela galdu eben arratiarrek igotea ahalbidetzen dauan hirugarren postutik puntu bakarrera geldituteko. 29 jardunaldi jokatu ostean eta ligea amaituteko bosten faltan, 47 puntu ditu Arratia Ak eta bosgarren postuan dago. Datorren partidua etxetik kanpo jokatuko dau Astrabuduako taldearen kontra hilaren 26an, 11:30ean.

Gizonezkoen Arratia B taldeak zapatu arrastian jokatu eban Urbietan Padura A taldearen kontra eta 0-4 galdu eban. 29 jardunaldi jokatu ostean 27 puntu ditu Arratia Bk eta hamaseigarren postuan dago, jatsiera postuak 9 puntura ditu ligea amaituteko bost jardunaldiren faltan. Datorren partidua be etxean jokatuko dau Elorrio A taldearen kontra hilaren 25ean, 18:00etan.

Arratiak zuzendaritzea aukeratuteko batzarra deitu dau
Arratia Futbol Taldeko zuzendaritzeak Ezohiko Batzar Nagusia deitu dau gaurko, aprilak 20. Klubeko bazkide guztiak dagoz deituta Igorreko Urbieta zelaiko instalazinoetan egingo dan batzarrera; lehenengo deialdia 18:00etan izango da eta bigarrena 18:30ean. Ezohiko batzarrean eztabaidarako gai bakarra egongo da, Arratia Futbol Taldearen zuzendaritza barriaren aukeraketea.

Lemoako Harrobi
Lemoako Harrobi taldeak domeka goizean jokatu eban etxetik kanpo Acero taldearen kontra eta 0-1 irabazi eban. Jon Casillas, taldeko pitxitxiak, sartu eban gola 75. minutuan. Ligea amaituteko 5 partiduren faltan 62 puntu ditu Lemoako Harrobik eta bigarren postuan dago, igoera postuan. Hirugarren sailkatua 4 puntura dauka eta 15 puntu baino ez dagoz jokoan. Datorren partidua Arlonagusian jokatuko dau La Merced A taldearen kontra, hilaren 25ean, 18:30ean.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!