Bizkaia 2026ko Europako Kirol Lurraldea izentau dabela-ta, Arratiako hiru herriek herritar guztiak konbidatzen dabez Kirolur 2026 Erronkan parte hartzera. Udalerrien arteko kirol-liga honen helburua bizimodu osasuntsua sustatzea eta gure herriaren kirol-espiritua erakustea da.
Erronka ez da egun bakarreko norgehiagokea, urtean zehar banatutako hiru etapa dituan erronkea baino. Lehenengoa, udabarrikoa, gaur (hilak 15) hasi eta maiatzaren 17ra arte luzatuko da. Hurrengoa, udakoa, bagilaren 15etik garagarrilaren 15era egingo da eta atzena, udagoienekoa, urri lehenengoaren 23tik urri bigarrenaren 23ra, Europako Kirol Asteagaz batera.
Norbere herria sailkapenaren gailurrean ikusteaz gainera, bizgarri zuzenak egongo dira. Holan, gitxienez 150 puntu lortzean dabezan erabiltzaileek erronkako merchansing ofiziala jasoko dabe (udalari esleitutako unidadeak agortu arte). Baina helburu nagusia, norbere herria lagundutea da eta sailakapeneko postu onenetan geratu ezkero, Udalak dirulaguntzak jasoko ditu, herriko kirol-klubentzako materiala erosteko.
Nork hartu daike parte eta zelan pilatu puntuak?
14 urtetik gorako persona guztiek emon daikie izena. Ez da beharrezkoa herrian erroldatuta egotea; herriagaz loturea sentiduten dauan edonork bere herriko taldea aukeratu daike.
Sistemearen ezaugarririk onena ekidadea da. Bardin da oinez ibili, korrika egin edo uger egitea; ahalegin guztiak modu bidezkoan baloratzeko ponderazino-koefizienteak aplikauko dira.
Gainera, herriaren tamainua ez da oztopo bat izango, sailkapenean biztanleria-koefizientea aplikauko da-ta herri txikiek eta handiek baldintza berberetan lehiatu dagien.
Parte-hartzea dobakoa eta erraza da Wellk App-aren bidez:
- Deskargau: topau "Wellk" zure aplikazino-dendan (iOS edo Android).
- Erregistrau: sortu zure profila.
- Batu udalerrira: erronken atalean, hautatu herriko taldea.
- Mobidu!: erregistrau zure jarduerak App-aren GPSagaz edo sinkronizau zure gailuak (Strava, Garmin, Fitbit, Apple Health edo Google Health Connect).
Wellk App-aren erabilerarako azalpen bideoa hemen.