24. KORRIKA

Euskerea gara eta hemen gagoz!

Ager Barragan 2026ko apirilaren 7a

None
None
None
None
None
None
None
None
None
None
None

Aurten, beste behin, 24. Korrika emozino eta aldarrikapen artean ospatu da eta hamaika egun eta hamar gauez lekukoak Euskal Herria eskuz esku zeharkatu ostean, oin dala astebete Bilbon amaitu zan euskerearen jairik eta handiena. Astean zehar, herri bakotxeko argazki gehiago ikusi ahalko dira BEGITUren webgunean.

Hemen Euskal Herriko zazpi lurraldeetako gazte banak osotutako taldeak idatzia eta irakurritako mezua:

Euskara gara eta hemen gaude. Eskutik eskura trazatu dugu gure herriaren gorpuzkera.

Hatsanturik, baina aitzina eraman gaitu gorputzak. Urrats bat eta bestea, lurrean errotuz.

Korrika dabilenean izerdiz betetzen den gorputza da gurea. Borrokaren eta desiraren aztarnak harro daramatzana. Korrika dabilenean taupadak azkartzen zaizkion gorputza da gurea. Asaldatu egiten dena. Nekatu egiten dena. Hunkitu egiten dena. Korrika dabilenean indarberritzen den gorputza da gurea. Etengabeko eraldaketak aberasten duena. Beti aurrerantz doana.

Sohütatik, Urepeletik, Tuteratik, Hendaiatik, Barakaldotik, Gasteiztik, Eskoriatzatik... pasatu den gorputz bat egin dugu. Basa, asfaltoa, belarra, harea... zapaldu dituena. Lur zati bakoitzeko eleak ikasi dituena. Pauso sendoz dabilela dirudi, baina zalantzatia ere bada gorputza. Birpentsatu zalea, beharrezkoa denean iritzia aldatzen duena.

Gure gorputzak esan nahi duen dena euskaraz da, baina ez du esan nahi bakarrik euskara. Egin nahi du berba nekeaz, pozaz; botereaz, minaz. Egin nahi die orro batzuei eta irri besteei.

Zenbat gara? galdetzen genuenok nortzuk garen ere jakin nahi dugu orain. Nondik garen, zergatik egiten dugun hau guztia, zerk sortzen duen gutasuna. Euskara gara diogu, ez euskara naiz. Komunitateaz ari gara. Beso zabalik dagoen gorputzaz, zeinak leihoak dituen begietan. 

Urrats bat eta bestea, gorputz bat egin dugu denona. Ez dezagula ahaztu hori bihar, bakoitza berera itzultzen garenean. Euskarak egin du gorputza. Hizkuntzak eraldaketarako tresnak dira, leku bat ematen digute bizi gaitezen. Euskarak herri hau eman digu. Horregatik mintzo gara izateaz, egiteaz. Euskaraz egin egiten da, baina izatea ez da edozein gauza. Izatea egotea ere bada, nonbait mugimenduan, borrokan.

Urrats bat eta bestea, aurrekoei jasoa dakargu ahots berrietan. Honaino heldu gara, bai, baina ez gara iritsi. Oraina berehala amaitzen da. Azalberrituta datoz munstro zaharrak, baina gorputz bat sortu dugu. Askotarikoa, konprometitua, indartsua. Eta gaur hemen badago, egongo da bihar ere.

Euskara gara eta hemen gaude. Hemen gara eta euskaraz gaude.

Aurrera goaz. Bazatoz?

Oier Iñurrieta Garmendia, Oihana Arana Cardenal, Elene Mengyu Larrinaga Bilbao, Beñat Jusue Rosano, Aitzol Gil de San Vicente Pla, Xalbat Alzugarai Etxeberri eta Leire Casamajou Elkegarai.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!