LITERATUREA

Elkarrek ipuin eta ilustrazino lehiaketea martxan dauka

Erredakzinoa 2026ko martxoaren 31

Elkar Fundazinoaren ipuin eta ilustrazino lehiaketea martxan da aurten be, eta haur eta gazteek euren sormena euskeraz lantzeako aukerea izango dabe. Parte hartzeako atzen eguna aprilaren 15a izango da.

Lehiaketeak hiru atal nagusi ditu, adinaren arabera antolatuta. Txikerrenek, HH4tik LH4ra bitartekoek, Txilikuk idatzitako Tapiz berria ipuina ilustrau behar dabe. Marrazkia A4 orrian egin behar da, gura dan teknikeagaz, eta ume bakotxak lan bakarra aurkeztu ahal izango dau. Mailak hirutan banatzen dira: HH4-5 (A), LH1-2 (B) eta LH3-4 (C).

Bigarren atalean, LH5etik DBH2ra bitartekoek, Iñaki Holgadok egindako ilustrazino batetik abiatuta ipuina sortu beharko dabe. Testuak euskeraz eta ordenagailuz idatzita aurkeztu behar dira, orrialde bakarrean. Mailak D (LH5-6) eta E (DBH1-2) dira.

Atzenik, DBH3 eta DBH4ko gazteek komikia sortu edo osotu beharko dabe, Holgadok hasitako istorioari jarraipena emonda edo “kirolaz gozatu” gaia oinarri hartuta. Lanak euskeraz egin behar dira, teknika librean, baina A4 orrialde bakarrean. Maila honetan (F) parte-hartzaile bakotxak komiki bakarra aurkeztu ahal izango dau.

Kasu guztietan, ezinbestekoa izango da lanetan parte-hartzailearen datuakipintea: izen-abizenak, jaiotze-data, telefonoa, helbidea eta ikastetxearen izena.

Sariei jagokenez, modalidade guztietan maila bakotxeko sari bi banatuko dira. Ilustrazinoetan, irabazleek jolas hezitzaile sorta eta lehen sariak 70 eta bigarrenak 60 euroko opari txartelak jasoko dabez; ipuin eta komikietan, barriz, tabletak, jolasak eta 100 (lehen saria) eta 80 (bigarren saria) euroko txartelak banatuko dira.

Horrezaz gainera, Laboral Kutxaren laguntzeagaz, hiru ikastetxeren artean (atal bakotceko bana) 1.000 euroko sariak zozketatuko dira, eta ilustrazinoa aurkezten daben ikasleen artean pailazo baten ikuskizuna be zozketatuko da, gela osoagaz gozatzeko.

Lehiaketearen bidez, Elkarrek ume eta gazteen artean euskerazko sormena sustatu gura dau, irakurmena, idazmena eta adierazpen artistikoa buztartuz.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!