Andrazkoen Arratia A taldeak domeka eguerdian jokatu eban Urbietan Athletic C taldearen kontra eta bana bardindu eban. Arratiarrak Naroa Lejarzaren gol bateri esker aurreratu ziran 78. minutuan baina Athletic-ek bardinketea lortu eban 82. minutuan. Partidu amaieran BEGITU Nerea Beitia Arratiako kapitainagaz egon zan eta hauxe adierazo eban: “Partidu gogorra izan da eta asko sufridu dogu, baina taldea ondo burrukatu dau. Lehenengo zatian nahiko atzean egon gara eta kontraerasora urten gura izan dogu. Aukera batzuk euki doguz baina Athletic-ek be, penalti bat huts egin dot. Bigarren zatian hobeto ibili gara eta beste penalti bat be huts egin dogu, baina aldaratzean gola sartzea lortu dogu. Halanda be, gero gola sartu deuskue”.
18 jardunaldiren ostean 37 puntu ditu Arratia Ak eta lidertzan dago Athletic-egaz bardinduta, baina Arratia da liderra euren arteko gol alde partikularra arratiarren alde dagoalako. Datorren partidua etxetik kanpo jokatuko dau 21-22ko astegoienean Eibar C taldearen kontra.
Lemoako Harrobik eta Arratia Bk derbia jokatu eben zapatu arrastian Arlonagusian eta etxekoak urten ziran garaile 1-0 irabazita. Partiduko gol bakarra lehen zatiko 16. minutuan heldu zan eta Jon Casillasek sartu eban. 24 jardunaldiren ostean 50 puntu ditu Lemoako Harrobik eta bigarren postuan kokatu da, igoera postuetan. Datorren partidua etxetik kanpo jokatuko dau Lemoako taldeak Ezkurdi A taldearen kontra hilaren 14an, 18:15ean. Gizonezkoen Arratia B taldea ostera hamaseigarren postuan dago 20 puntugaz, jatsierea 5 puntura dauka. Datorren partidua etxean jokatuko dau Loiola Indautxu taldearen kontra hilaren 14an, 18:30ean.
Gizonezkoen Arratia A taldeak domeka arrastian jokatu eban Urbietan Galdakao A taldearen kontra eta bina bardindu eban. Arratiarrak 2-0 aurreratu ziran Xabier Orbek 9. minutuan eta Jon Ordeñanak 31. minutuan sartutako golei esker, baina bigarren zatiko 76. minutuan eta 88.enean sartu ebezan kanpotarrek euren golak. 24 jardunaldiren ostean 40 puntu ditu Arratia Ak eta laugarren postuan dago, igoera postuan dagoan Mungia A puntu batera dauka. Datorren partidua etxetik kanpo jokatuko dau Gernika Sporting A taldearen kontra hilaren 13an, barikua, 20:15ean.