BBK Mendi Film Festivalen Mendi Tour ekimenaren baitan, mendiaren gaineko laburmetraien birea martxan dago aurten be. Urtero lez, Lemoako Ganzabal Mendi Taldeak Igorreko Lasarte Aretora ekarriko dauz filmetako batzuk.
Saio bi egindo dira, martiaren 6an eta 13an, biak bariku. Saioak 19:30ean hasiko dira, gitxi gorabehera 21:30era arte eta bakotxean lau film egongo dira ikusgai. Sarrerea doban izango da. Lehenengo saioan Un día al año, Izarren Zaunka, Le Moulin des Artistes eta Un printems au Mont Blanc proiektauko dira eta bigarrenean, Aldabide, Dear Superhero, Into Altai eta K2 Mon Amour.
Sinopsiak:
Un día al año (Alfonso Garcia, 2025)
Euskal Herria, 16 minutu.
1970az geroztik, Atxarteko bailaran eskalatzaile belaunaldi barri bat bildu ohi zan mendiagazko grinak erakarrita. Nazinoarte mailako igoera aitzindariak egitera be ausartu ziran euretako batzuk. Euretako batek errepide istripu larri bat jasan eban, eta medikuek esan eutsien ez ebala inoz barriro eskalauko. Osatze prozesu miragarria izan eban, ordea, eta tradizino berezi bat asmatu eban berbizte moduko ha ospatzeko: Atxarteko Inauteria. Geroztik, eta urteak joan urteak etorri, egun hori ezinbesteko hitzordua da eskalatzaileen komunidadearentzat.
Izarren Zaunka (Nagore Eceiza, 2025)
Euskal Herria, 18 minutu.
Lagun bi Larraitzen dagoz, Mikel Saez de Urabainek Txindoki mendian sortu barri dauan bide bat eskaletako asmoz. Mikelek berak, bide barria izentetako inspirazinoa aurkitu gura dau tokiko bake eta lasaitasunean. Iker Urangak, barriz, bere min kronikoetatik eta ansiedadetik askatzea lortu gura dau.
Le Moulin des Artistes (Pierre Cadot, 2025)
Frantzia, 25 minutu.
Peterrek eta Anatik Le Moulin des Artistes zuzenduten dabe Chamonix haraneko XVI. mendeko errota baten: eski-tailerra, arte-gunea eta ideologia antzekoa daukien espiritu askeko lagunen topagunea. Le moulin des artistes-ek bizitza sormenari eskaintzen jakonean gerta leitekeana erakusten deusku, izan Peterrek eskuz egindako egurrezko eskiakaz, izan Anatiren pintura zein musikeagaz. Sormen espresinoak helburu barriak bideratzen lagundu daike, komunidade iraunkor bat eregiteko balio daike, eta hondamendiak gainditzeko kemena be emon daike.
Un printems au Mont Blanc (Bertrand Delapierre, 2025)
Frantzia, 38 minutu.
Benjamin Védrines eskiak hartuta joango da Chamonixera udabarri osoa han egiteko, penditza pikuetako maldetan jatsierak egiteko aproposena dan sasoia baliatuaz. Esperientzia eta talentua buztartzen dauzan bikotea osotuko dau Nicolas Jean lagunagaz, eta erronka barri bat imajinau eta burutuko dabe: Mont Blanc-eko zeharkaldi osoa hiru egunetan, puntako hamaika jatsiera eginaz.