FUTBOLA

Andrazkoen Arratia B taldeak baino ez dau irabazi

Erredakzinoa 2026ko martxoaren 2a

Lemoako Harrobik bardindu egin eban eta gizonezkoen Arratia Ak eta Bk galdu. Andrazkoen Arratia Ak atsedena izan eban.

Andrazkoen Arratia B taldeak 6-0 irabazi eban zapatu arrastian Betiko Neskak B taldearen kontra etxean. Honeek izan ziran 6 golen egileak: Alaitz Zelestino (4. minutua), Miren Gordo (26. minutua), Zelestino (40. minutua), Uxue Aurtenetxe (49. minutua), Aurtenetxe (52. minutua) eta Matxalen Gonzalez (87. minutua). Zelestino kategoriako pitxitxia da 23 golegaz. 19 jardunaldiren ostean 44 puntu ditu Arratia Bk eta bigarren postuan dago. Datorren partidua hilaren 14-15eko astegoienean jokatu dau Ezkurdi taldearen kontra Urbietan.

Andrazkoen Arratia A taldeak atsedena izan dau joandako astegoienean. Sailkapenean bigarren postuan dago Athletic C liderragaz bardinduta. Datorren partidua sano garrantzitsua da, Urbietan jokatuko dau-ta Athletic C taldearen kontra eta irabazi ezkero barriro lider ipiniko litzateke bigarren sailkatuari hiru puntuko aldea aterata ligea amaituteko lau partiduren faltan. Partidua hilaren 8an jokatuko da eguerdiko 13:00etan.

Gizonezkoen Arratia A taldeak zapatu arrastian jokatu eban etxetik kanpo Apurtuarte taldearen kontra eta 1-0 galdu eban. 23 jardunaldiren ostean 39 puntu ditu Arratia Ak eta hirugarren postuan dago, igoera postuan; halanda be laugarren sailkatua dan Mungia A puntu bakarrera dauka oin. Datorren partidua Urbietan jokatuko dau bigarren postuan dagoan Galdakao A taldearen kontra hilaren 8an, 15:45ean.

Gizonezkoen Arratia B taldeak domeka eguerdian jokatu eban Urbietan Lekeitio A taldearen kontra eta 0-1 galdu eban. 23 jardunaldiren ostean 20 puntu ditu Arratia Bk eta hamalaugarren postuan dago. Datorren partidua derbia izango da Arlonagusian Lemoako Harrobi taldearen kontra jokatuko dau-ta hilaren 7an, 17:00etan.

Lemoako Harrobi
Lemoako taldeak zapatu arrastian jokatu eban etxetik kanpo Padura B taldearen kontra eta husna bardindu eban. Etxeko taldeak penalti bat huts egin eban bigarren zatian. 23 jardunaldiren ostean 47 puntu ditu Lemoako Harrobik eta hirugarren postuan dago, igotea ahalbidetzen dauan bigarren postuan dagoan Ermua taldearengandik puntu bira. Datorren partidua derbia izango da Arlonagusian Arratia B taldearen kontra jokatuko dau-ta hilaren 7an, 17:00etan.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!