FUTBOLA

Andrazkoen Arratia Ak eta Bk eta Lemoako Harrobik irabazi

Erredakzinoa 2026ko otsailaren 9a

Gizonezkoen Arratia Ak bere hirugarren partidua jarraian galdu eban eta B taldeak liderraren kontra bardinketea lortu eban, deskontuan sartu eutseen gola arratiarrei.

Andrazkoen Arratia A taldeak 3-0 irabazi eban zapatu arrastian Urbietan Bilbao Artizarrak taldearen kontra jokatutako partidua. Lehen gola Nerea Izagirrek sartu eban 21. minutuan areaz kanpoko jaurtiketa bategaz eta bigarrena Lucia Pascualek sartu eban 41. minutuan, arratiarren jokaldi itzel bat modu zoragarrian amaituta, kanpotarren atezaina baselina bategaz gaindituta; hirugarren gola Olatz Areitio atzelariak sartu eban partiduko 59. minutuan. Partidu ostean BEGITU Olaitz Arroyo aurrelari igorreztarragaz egon zan eta hauxe adierazo eban: “Hasikeran ondo ibili gara, egia da ez dala izan partidu oso intensoa baina euki doguzan aukerakaz golak sartu eta partidua aurrera atera dogu. Pentsetan dot joko aldetik astean zehar entrenautako gauzak ez dirala partiduan ikusi, erritmoa sano bajua izan dalako. Garrantzitsuena 3 puntuak lortutea izan da eta lan ona egiten gabizala pentsetan dot. Oin hurrengo partiduarii begira topera entrenauko dogu beste 3 puntu lortzeako!”. 16 jardunaldiren ostean 36 puntu ditu Arratia Ak eta líder da. Datorren partidua Añorgaren kontra jokatuko dau etxetik kanpo hilaren 21-22ko astegoienean.
 
Andrazkoen Arratia B taldeak domeka arrastian jokatu eban etxetik kanpo Ugeraga taldearen kontra eta 0-4 irabazi eban. Nerea Garizurietak sartu eban lehen gola 30. minutuan eta 32.enean Garizurietak berak sartu eban 0 eta 2koa. Bigarren zatiko 80. minutuan heldu zan arratiarren hirugarrena Alaitz Zelestino pitxitxi dimoztarrak sartutako golari esker; Garizurietak sartu eban laugarrena eta bere hirugarrena, 83. minutuan. 16 jardunaldiren ostean 38 puntu ditu Arratia Bk, eta lidertzan dago, bigarrena dan Indartsu taldeak baino partidu bat gehiago dauka halanda be. Datorren partidua Urbietan jokatuko dau Berriotxoa A taldearen kontra, hilaren 14an, 12:55ean.
 
Gizonezkoen Arratia A taldeak zapatu arrastian jokatu eban Urbietan Sestao River B taldearen kontra eta 0-4 galdu eban. Atsedenaldira 0-3 heldu ziran eta bigarren zatian sartu eben kanpokoek laugarrena. Atzen hiru partiduak jarraian galdu ditu Arratia Ak eta puntu bakarra lortu dau atzen lau partiduetan. 20 jardunaldiren ostean eta atzen aldiko sasoi txarra kontuan izanda be oindino hirugarren postuan dago Igorreko taldea 36 puntugaz eta postu horrek igotea dakar. Datorren partidua etxetik kanpo jokatuko dau Abadiño A tadearen kontra hilaren 14an, 16:00etan.
 
Gizonezkoen Arratia B taldeak zapatu arrastian jokatu eban líder dan Umore Ona A taldearen kontra eta bana bardindu eban. Arratiarrak aurreratu ziran lehen zatiko 8. minutuan Markel Diezen golari esker baina partidu bakarra galdu dauan Usansoloko taldeak deskontuan sartu eban banakoa. Atzen hiru partiduetan 7 puntu lortu ditu Arratia Bk eta horrek egoera hobean egotea ahalbidetu deutso, oin dala 3 partidu jatsiera postuak hurbilegi eukazan-ta. 20 jardunaldiren ostean 19 puntu ditu Arratia Bk eta hamalaugarren postuan dago. Datorren partidua Urbietan jokatuko dau Etxebarri A taldearen kontra hilaren 14an, 17:45ean.
 
Lemoako Harrobi
Lemoako Harrobik zapatu arrastian jokatu eban Arlonagusian Galdakao B taldearen kontra eta 4-2 irabazi eban. Partidua hasi eta segiduan aurreratu ziran Lemoakoak Xanti Kortak sartutako golari esker baina 10 minutu beranduago Galdakaok bardinketea lortu eban; lehen zatia amaitu baino lehen ostera etxekoak 3-1 ipini ziran markagailuan Ibai Gasteluk 14. minutuan eta barriro Kortak 21. minutuan sartutako golei esker. Bigarren zatian galdakoztarrek aldea murriztu eben 3 eta 2koagaz; partidua amaitu baino lehen ostera bere hirugarren gola sartu eban Kortak, taldeko golegile nagusia. 20 jardunaldiren ostean 40 puntu ditu Lemoako Harrobik eta laugarren postuan dago hirugarrenagaz bardinduta; igotea ahalbidetzen dauan bigarren postuan dagoan Ermua taldea lau puntura dauka. Datorren partidua etxetik kanpo jokatuko dau San Migel A taldearen kontra hilaren 14an, 18:00etan.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!