Andrazkoen Arratia A taldeak zapatu arrastian jokatu eban Elorrio A taldearen kontra eta 2-3 irabazi eban. Arratia galtzean hasi zan partidua baina 37. minutuan Irune Egigurenek banakoa ipini eban markagailuan. Bigarren zatiko bigarren minutuan arratiarrak Olaitz Arroyoren gol bateri esker aurreratu ziran eta 72. minutuan bat eta hirukoa sartu eban Arratiak Elorriokoek euren atean sartutako gol bateri esker. Bi eta hirukoa luzapenean heldu zan. “Lehenengo zatian sufridu dogu, 1-0 galtzean joan gara, baina banakoa sartu dogunean nagusitu gara, baina kostau jaku. Bigarren zatian sano ondo egon gara eta bigarrena sartu dogu. Gero eurei txartel gorria atera deutsie, eta horrek laguntzen dau. Luzapenean 2-3koa sartu deuskue, eta atzen minutuetan sufridutea tokau jaku” adierazo eban Nerea Beitia kapitainak partidua amaitu ostean. 15 jardunaldiren ostean 33 puntu ditu Arratia Ak eta lidertzan dago. Datorren partidua Urbietan jokatuko dau Bilbao Artizarrak taldearen kontra hilaren 7an, arrastiko 18:30ean.
Andrazkoen Arratia B taldeak domeka arrastian jokatu eban eta 8-0 irabazi eban Larrabetzuko Uritarra taldearen kontra. Yara Machok, gol bi sartu ebazan 7. eta 66. minutuetan, Uxue Aurtenetxek 1, 12. minutuan, Alaitz Zelestinok 4, 30., 47., 53. eta 59. minutuetan eta Matxalen Gonzalezek sartu eban atzena 84. minutuan. Zelestino kategoriako pitxitxia da 19 golegaz. 15 jardunaldiren ostean 35 puntu ditu Arratia Bk eta lidertzan dago, bigarren sailkatuak partidu bat gitxiago jokatu dau halanda be. Datorren partidua etxetik kanpo jokatuko dau atzen postuan dagoan Ugeraga taldearen kontra hilaren 8an, 18:00etan.
Gizonezkoen Arratia A taldeak zapatu arrastian jokatu eban etxetik kanpo bigarren postuan dagoan Dinamo San Juan taldearen kontra eta 1-0 galdu eban. Arratiarrek puntu bakarra lortu dabe atzen 3 jardunaldietan eta lehen sailkatu biak 5 eta 8 puntura ditu, halanda be laugarrena zortzi puntura dauka eta hirugarren postuak igotea dakar. 19 jardunaldiren ostean 36 puntu ditu Arratia Ak eta hirugarrena da sailkapenean. Datorren partidua Urbietan jokatuko dau Sestao River B taldearen kontra, hilaren 7an, 16:00etan.
Gizonezkoen Arratia B taldeak domeka eguerdian jokatu eban Urbietan La Merced A taldearen kontra eta 2-0 irabazi eban. Gol biak Aitor Leivak sartu ebazan, bana zati bakotxean. Atzen partidu biak irabazi ditu Arratia Bk eta oin jatsiera postuak 6 puntura ditu. 19 jardunaldiren ostean 18 puntu ditu Arratia Bk eta hamalaugarren postuan dago. Datorren partidua etxetik kanpo jokatuko dau lidertzan dagoan eta partidu bakarra galdu dauan Usansoloko Umore Ona A taldearen kontra hilaren 7an, 18:15ean.
Gazte Mailako Arratia A
Arratia futbol taldeko gizonezkoen gazteen Arratia A taldea igazko denporaldian mailaz igon ostean, lehen aldiz historian Gazteen Nazional mailan jokatuten dabil. Hiru urtez jarraian igon da taldea eta aurtengoan be denporaldi itzela egiten dabil. Atzen partidua joandako zapatuan jokatu eban Indartsu taldearen kontra eta 1-0 irabazi eban. 20 jardunaldiren ostean 31 puntu ditu eta laugarren postuan dago Athletic B, Real Sociedad B eta Alaves B taldeen ostean.
Lemoako Harrobi
Lemoako Harrobik domeka arrastian jokatu eban etxetik kanpo Loiola Indautxu taldearen kontra eta 2-0 galdu eban. Etxekoen golak lehen zatian heldu ziran. 19 jardunaldiren ostean 37 puntu ditu Lemoako Harrobik eta laugarren postuan dago Loiola Indautxugaz bardinduta. Datorren partidua Arlonagusian jokatuko dau jatsiera postuetan dagoan Galdakao B taldearen kontra hilaren 7an, 18:00etan.