ALKARRIZKETAK

“Gaurko momentua ikusi eta atzera begiratzea izango da kontzertua, ez atzean geratzekoa”

Asier Abrisketa 2026ko urtarrilaren 21a

Gontzal Mendibilek 50 urte daroaz kantagintzan eta hau ospatuteko aparteko kontzertua eskainiko dau urtailaren 21ean Arriaga antzokian.

1975ean Xeberrigaz Zaurietatik dario diskoa argitarau ebanetik mende erdi pasau da eta ordutik, beste 22 disko eta zazpi musikal argitaratu dauz Gontzal Mendibil zeanuriztarrak. Dendarien seme baina betidanik belarri onekoa, amamak hamabi urtegaz oparitu eutsan lehenengo gitarrea eta ordutik dabil “kondena polit bat” betetan. Musikeagaz izandako lehenengo hartu-emonetaz, bere ibilbide oparoaz, Arriago kontzertuaz eta Arratia eta Gorbeiak berarengan izan dauan pisuaz eta etorkizunaz egin deusku kantariak BEGITUn. Izan be, oindino gogotsu dago aurrera egiteko eta beste musikal bat estreinauko dau uda partean: “Aurrean proiektuak badaukazuz eta gogotsu bazagoz, nik uste dot merezidu dauala aurrera egiteak”.

50 urte ospatuten dozuz kontzertuan, baina urtebetete jaia be izango da. Zer sentiduten dozu zenbaki horreekaz atzera begiratuterakoa?
70 urte egingo dodaz bai, hiru egun beranduago! Ba helduak bagarala eta zorionez, oindino burua fresko daukat, eta gogotsu. Sorkuntzea beti izan da nire gaia, nire gogoa. Txiki-txikitatik hasi nintzan sortzen, poesiak egiten, kantuak egiten. Bizirik egon eta osasunez ondo egon ezkero, behintzat, esperantzea ez da inoiz galdu behar. Nik 1974an Abra Saria, orduan famaua zana, irabazi eta gero -1975ean grabau gendun lehenengo diskoa- ba 50 urte arin pasetan dirala, arin, konturatu barik; eta momentua aprobetxau behar dala. Ni ez naz kexatuten, horretarako motiboak badagoz, baina nik uste dot aurrean proiektuak badaukazuz eta gogotsu bazagoz, nik uste dot merezidu dauala aurrera egiteak.

Txikitan be ibili zara koruan eta… Noiztik hasten zara zu 50 urteak kontetan?
Batez be, lehenengo diskoa grabau genduanetik. Abra saria 1974an irabazi neban, aurreko urteetan Estitxu, Natxo de Felipek, Patxo Areatzakoak eta Xeberrik irabazitakoa. Gaurko Operacion Triunfo antzerako bat zan, euskeraz. Bi kantu eroan behar zenduzan eta gero, aukerea emoten eutsuen diskoa grabetako. 1974an hasi nintzan kantu kantari baina 1975ean, Xeberrigaz batera Zaurietatik dario diskoa grabau genduan, Franco bizi zala; urrietan grabau genduan Madrilen. Euskal Herrian baegoan herri gogoa baina disketxeak gitxi egozan eta han grabau genduan. Gero, horko kantu asko ezagun egin ziran: Ba gare, Kapitalismoak, Laster Laster… Grabau aurretik be! Eta bueno ba gero ibilbidea holan doa, Xeberrigaz batera hasi nintzan eta gero 1978an egin neban nire bigarren diskoa, Bartzelonan grabauta.

Eta aurretik koruan eta ibilten zinenetik zer gogoratuten dozu, zer gelditu jatzu?
Ba gauza politak. Ni dendarien semea naz, Zeanurikoa, ama baserrikoa eta aita plazakoa. Gurasoek gura izaten dabe zeuk jarraitutea euren negozio dendan baina nik dendari izateko, uste dot ez nebala balio. Txiki-txikitatik musikazalea eta musikarako gogoa izan neban. Ahots onak dira adibidez Pavarotti, eta guk daukagu gustua, ahotsa ia… Baina beti belarri onekoa izan naz, hori bai. Eta belarri onekoa izateak lagunduten deutsu solfeoa ikasten, kantua ikasten… Baina amamak gitarrea oparitu eustan hamabi urtegaz.

Orduan kondenau eban zure etorkizuna?
Bueno kondena polit bat da hori! Zapaturo joaten nintzan, Arteako gabrielisten ikastetxera, han baegoan Burgoseko apaiz bat eta berak emoten ebazan gitarra klaseak, eta han egon nintzan eurekaz. Gero, Durangon egon nintzan barnetegian eta hamalau urtegaz irabazi neban lehiaketa bat. Orduan dana erderaz zan, euskeraz ez zan ezer egiten, eta Joseba Sarrionandiak kontetan dau, ni baino pare bat urte gazteagoa da, berarentzako martziano bat ikustea modukoa izan zala: “Ostras, euskeraz abesti bat!”. Klaro, garai hareetara joan behar da. Beste anektodota batzuen artean. Nik sei urte eukiko nebazan eta Zeanurin, beste herri askotan moduan, behartuten gintuen Cara al sol kantetan, eskolara sartu aurretik Espainiako banderea igonda. Askotan brometan esaten dot, Francok kantari bihurtu ninduala. Niri beti gustau izan jata kantetea, baina gerora konturatuten zinan ha zer zan.

Etorri ziran, 1970ean edo, Areatzan egoan zinema batera domeka eguerdi batean orduko kantari ezagunak: Benito, Mikel Laboa, Lourdes Iriondo eta Xabier Lete. Ni mutikoa eta gitarreagaz hasten. Esan neban, “egunen baten gurako neuke kantari izan!”.

Zelangoa izan da zure harremana beste musika estilo batzuekaz?
Ondo, jarraituten dodaz. Lehengoan adibidez egon nintzan Gorka Urbizugaz, oso kantari ona. Edo Arriagarako bota deusta bideotxo bat Pello Reparazek, bai eta Iñigo Etxezarretak. Oso musikari onak. Pozgarria da, ni baino askoz gazteagoak dira. Hau kate bat da, gu bagoaz eta beste batzuk etorriko dira.

Zer sentiduten zenduan ikusi zenduanean zure ibilbidea aurrera joiala?
Ni beti izan naz euskal kulturearen aldekoa eta uste dot hor konpromiso bat be badaukagula. Zu hemen jaio zara, zeure herria maite dozu, nondik zatozen eta nor zaren jakin behar dozu. Kantagintzan badaukazu zure lekua eta gauza polit bat da, aurrean ikusten badozu jentea zeugaz, zure kantuak kantetan… ederra da. Nik gehiago disfrutetan dot sortzean nabilenean, etxean. Baina gero, kantaldietara joan eta jentea zeugaz kantetan ikusten dozunean oso pozgarria da. Hor ikusten da zeozertarako balio dauala; horrek emoten dau aurrera ekiteko gogoa.

Ordutik, aldatu da musikea ulertuteko zeure modua?
Ni hasi nintzan garaian egoten ginan arrasti oso bat disko bat entzuten. Gaur barriz -nik gurago dot aurrekoa- dana da zati bat honena, bestea harena… Dana arin, igual kantu osoa bez. Nik uste dot sakontasun bat falta dala, danok gabiz apur bat erakusleiho batera begira moduan, dana arin doan munduan. Nik uste dot, letrek be, sakontasuna behar dabela; ez edozer gauza esan edo bota. Gizartea holan dago, arintasunean. Moda da? Bai. Niretzako zoritzarreko moda bat ze ez badozu sakonduten, ez badozu hausnartuten… Ikusten dan beste gauza bat da mundu artifizialago bat, dana da espektakulo handi bat. Gaur ez dakit kantari onak behar diran, behar da espektakuloak egitea. Baina gurera joanda, pozgarria da euskal kantagintzea be bizi-bizirik dagoala ikustea.

Arriagakoak be badauka espektakulu puntua ez?
Bai, bai! Gaur horretan gagoz, ikuskizunak dira. Jantzak, aktoreak, musikea… Banago beste musikal bat be prestatuten, baina ez noa zer dan aurreratuten.

Eta Arriagako kontzertuaren inguruan? Zer izango da atzera begirako edo orainaldiari begirako proposamen bat?
Ba 50 urte luze diranez, egingo doguna da gaurtik atzera joan. Tarteka, hamarkadaka, adibidez 2025-2015, sartuko dodaz garai horretako bost kantu. Gero beste hamarkada bat atzera egin eta beste lau-bost. Ezin dozuz asko eta asko kantau ze bestela, lau ordu behar dira. Orduan, ez da erraza aukeratzea ze kantu batzuk, gogokoak diranak ahaztu behar dozuz. Adibidez, niretzako Arratia eta Gorbeia beti izan dira nire iturri eta egongo dira. Bideoak be egongo dira, ezagun batzuk agurtuten eta  oso emotiboa izango da. Ordu bitik ez pasetea gura neuke, ze bestela… Baina buena konbidau batzuk be etorriko dira eta… oso emotiboa izango da.

Easko Abesbatza eta beste musikari talde handi batek lagunduko deutsu ezta?
Bai musikari oso handiak dira. Eta Easogaz egin dodaz hiru disko, oin entseguakaz gabiz. Gero badagoz Ainhoa Tabuyo donostiarra eta Maddi Otamendi beasaindarra be, oso ahots ederrak daukiez eta oso gauza polita egingo dogu. Tabuyo nigaz egon da hainbat diskotan eta Maddi Hazia musikalean be. Beste musikari gehienekaz be egin dot lan. Angel Unzu adibidez Benitogaz ibili da urte askoan. Iñaki Diegez akordeoilaria fenomeno bat da, Circo del Solen egon zan bost urtez. Musikari onakaz ikusten dozu babestuta zagozala.

Gaur egun emozinoa sortzea da gauzea, jentea emozionetea. Badakit gehien bat adineko jentea egongo dala, gazteren bat bai baina hogei urtekorik ez da askorik egongo. 50 urtetik gorakoak, baina bueno, niretzako gogorapen ona da; gaurko momentua ikusi eta atzera begiratzea izango da kontzertua. Ez atzean geratutea, niri ez jata gustetan melankolia hori, izan zana…

Musikaz aparte, jantzak eta proiekzinoak be egongo dira.
Bai. Badagoz profesional batzuk bideo muntaketak egiten dabezanak eta egingo doguna da, bideoen bitartez adierazi garai hori zer izan zan. Nire bideoak edo garaikoak, kantariren bat ha azalduten eta holangoak. Gero, bigarren saiora goaz eta jantzak be egongo dira. Ume batzuk be egongo dira kantetan. Ez noa aurreratuten baina sorpresatxo batzuk be egongo dira; jente ezagunaren sorpresatxo batzuk. Jantzan Beti Jai Alai taldeakoak egongo dira, nigaz Olentzero egin eben, bai eta Arrupe musikalean eta atzenengoan, Lauaxetarenean. Lauaxetarena berezia izan zan, ze peneagaz ikusten dot gaur gazte bat hartu eta ez dakiala Lauaxeta nor zan, edo Iparragirre. Gure kulturako erreferenteak nortzuk diran ez jakitea… Lauaxeta gure Lorca da, fusilau eben! Kontzertuan Lorcari egindako kantu bat kantauko dogu, Blas de Oterok egindakoa. Lorca bera Arriagan egon zan, 1935ean, gerra eta fusialau aurretik.

Zelan gustauko jatzun jentea Arriagatik urten eta kontzertua gogoratutea?
Ba emozinoa sortzea da kontua. Beste era batera urten behar zara, zeozer ikutu behar deutsu eta kantuak be horretara doaz, emozinoa eta motibazinoa sortzea. Negar-anpulu batzuk egongo dira, baina ez txarrak, disfrutatzera goaz. Batez be, adineko batzuk gogoratuko dira garaiotaz, oin 50 edo 30 urteko kantuakaz. Baina jakin bebai atzen hamarkada hau izan dala, beharbada sorkuntza gehien egin dodana, hasikeran baino gehiago. 2014an egin neban disko bat, 2018an umeentzako Gau magikoa, 2019an Biok diskoa, 2020an Iparragirren jaiotzearen 200. urteurrenekoa egin genduan, 2021ean San Juan Gurutzekoarena… Kriston lana egin eban Baraiazarrak metrika eta errima berean euskeratuten. Haregaz 22 kontzertu edo eta Avilan be egon ginan, eta harrerea sekulakoa izan eban han be, hango santua da-ta. Esperientzia polita. Hazia musikala be 2022an… Tarteka joango gara kontzertuan hori dana erakusten, zati batzuk.

Eta 50 urte barru? Zelan gustauko jatzuk jenteak zu gogoratutea?
50 urte barru? Ahaztuta egongo gara (barreak). Ez dakit, ni momentuan bizi naz eta ez deust askorik ardura. Hemen gagozan bitartean aurrera egin eta kantu batzuk hor geldituten badira, herriarenak izango dira. Adibidez, Ba gare ba bai, herritarrena da eta beste batzuk be igual geldituko dira. Etorri gara zeozer egiteko, ez egoteko bakarrik ezta? Badago esakera bat, Kapanagak esaten ebana: “Izan, egin eta hil”. Gu egiteko etorri gara, egon barik egin. Nik gurago dot ekin, eutsi baino. Arratian “ekine baragarrie da” esaten dogu eta oso polita da hori.

Ekin deutsazu 50 urtez, urteurren hau bada erritmoa bajatuten hasi edo jubilazinora hurbilduteko atxakia bat?
Adinez banago jubilauta baina ez. Osasuna badaukagu ni prest nago jarraituteko. Ez neuke gure, ezin dozunean hor egotea, hobeto itxi. Baina gogotsu bazagoz eta zorionez, oindino banago. Osasunak lagunduten badau aurrera egiteko prest. Noiz arte? Ba ez dakit. Baina beste 50 ez (barreak). Baina gogoa eta proiektuak izatea beti da inportantea ekiteko.

Gogotsu zagozala dinozu eta musikal bat daukazu eskuartean, aurreratu ahal da zeozer?
Atzen musikala izan danez, bat bakarrik egin dogu, Lauaxetari buruzkoa. Persona inportantea bai poesian eta bai sozialki. Niri gai sozialak interesetan jataz, mundua zelan dagoan. Nire kantak be beti eroan dabe aurrera mundu soziala, ez edozer gauzari kantetea. Herri bateri, persona bateri, egoera bateri… Eta Lauaxetarena egiteko asmoa daukagu beste leku batzutan, ikuskizun polita da. Eta musikal barri hori… ez noa zer dan esaten baina gauza oso polita da. Asmoa aurtengo uda bitartean estreinua egitea da, hor nabil. Musikala egiteko beste arazo bat da finantziazinoa behar dala. Lan handia izaten da eta badakizu atzenean kulturarako laguntzak ez dirala askorik egoten. Baina bueno hor gabiz. Pistarik ez noa emoten baina nik zazpi egin dodaz eta beharbada, hau izango da onena. Oso erakargarria izango da.

Zurea izan da Zeanuritik Euskal Herrirako saltu bat, ze paper izan dau Arratiako publikoak zure ibilbidean?
Ni zeanuriztarra naz, nahiz eta 18 urtegaz Bilbora joan nintzen ikasketak egin eta biziten, baina beti ikusi naz zeanuriztar eta arratiarra. Nire osabak esaten dauan moduan, “Arratia, Paris y Londres, tres maravillas del mundo” eta nik be uste dot Arratiak badaukala berezitasun bat. Manteniduten dauz gure ohiturak, gure euskerea eta gure gizatasun hori. Leku askotan aldatu egiten dira eta Arratian eta batez be Zeanurin, mantenidu egiten dau. Kontzertu hasikeran hasiko gara kantu bategaz: “Ez duzu ahaztu behar nor zaren, nondik zatozen, ez duzu ahaztu behar norantz zoazen…”. Horregaz hasiko gara eta gero pasauko gara Gorbeiara eta Gorbeiatik Lorca Bilbora etorri zanakoagaz. Orduan Arratiatik Gorbeiara eta Gorbeiatik Bilbora egingo dogu. Inportantea da ez ahaiztutea nongoa eta nor zaren, ze ahaiztuten badozu zure izakerea be… Gorbeia eta Arratia bizi-bizirik eukingo doguz Arriagan eta bazatozie ikusiko dozue gure zuztarrak Arratian eukiko doguzala. Disfrutau gura badozue, etorri eta ikusi!

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!