Andrazkoen Arratia A taldeak zapatu arrastian jokatu eban etxean Real Mariño Union taldearen kontra eta bana bardindu eban. Etxekoak aurreratu ziran hamargarren minutuan Amaiur Artetxek sartutako golari esker baina kanpokoek 27. minutuan bardindu eben partidua. Gero etxekoak ahalegindu ziran arren ezin izan eben garaipenik lortu. Halanda be 14 jardunaldiren ostean lidertzan segiduten dau Arratiak eta 30 puntu ditu. Datorren partidua etxetik kanpo jokatuko dau Elorrio A taldearen kontra urtailaren 31-zezeilaren 1eko astegoienean.
Andrazkoen Arratia B taldeak zapatu arrastian jokatu eban etxetik kanpo Bizkerre C taldearen kontra eta 0-2 irabazi eban. Arratiaren lehen gola Iratxe Bernaolak sartu eban 20. minutuan eta bigarrena Arratia Bgaz debuta egin dauan eta oindino kadetea dan Udane Iturbek sartu eban 80. minutuan. 13 jardunaldiren ostean 29 puntu ditu Arratia Bk eta bigarren postuan dago. Datorren partidua etxetik kanpo jokatuko dau barriro atzenurren postuan dagoan Peña Ath. Santurtzi B taldearen kontra hilaren 25ean, 15:30ean..
Gizonezkoen Arratia A taldeak zapatu arrastian jokatu eban etxean Orozkoko Atxulaur A taldearen kontra eta bina bardindu eban. Arratiarrak aurreratu ziran 25. minutuan Jokin Gotik sartutako golari esker baina atsedenaldira orduko bardinketea lortu eben kanpokoek. Bigarren zatian Orozkokoak aurreratu ziran arratiarrek euren atean sartutako gol bat dala-ta, baina 83. minutuan Anton Izak partidua bardindu eban. 17 jardunaldiren ostean 36 puntu ditu Arratiak eta hirugarren postuan dago, igoera postuetan, liderrarengandik puntu bira. Datorren partidua be Urbietan jokatuko dau Basurto A taldearen kontra, hilaren 24an, arrastiko 18:15ean.
Gizonezkoen Arratia B taldeak zapatu arrastian jokatu eban etxetik kanpo Indartsu taldearen kontra eta 3-0 galdu eban. Atsedenaldira 1-0 heldu ziran eta bigarren zatian heldu ziran etxekoen gol bi gehiago. 17 jardunaldiren ostean 12 puntu ditu Arratia Bk eta hamaseigarren postuan dago jatsiera postuetan dagoan Galdakao B taldeagaz bardinduta. Datorren partidua etxetik kanpo jokatuko dau barriro Acero taldearen kontra, hilaren 25ean, goizeko 11:30ean.
Lemoako Harrobi
Lemoako Harrobik zapatu arrastian jokatu eban Lekeitio A taldearen kontra eta 2-1 galdu eban. Etxekoak 2-0 aurreratu ziran 10. eta 35. minutuan sartutako golakaz, Lemoako Harrobik atsedenaldira orduko markagailuko aldea txikitu eban Jon Casillas, taldeko golegile nagusiak, sartutako golari esker. Lemoako taldeak bost jardunaldi eroiazan galdu barik. 17 jardunaldiren ostean 34 puntu ditu Lemoako Harrobik eta hirugarren postuan dagoan Loiola Indautxugaz bardinduta dago 34 puntugaz. Datorren partidua Arlonagusian jokatuko dau Elorrio A taldearen kontra hilaren 24an, 17:00etan.