ERETXIA

Euskaltzaleon garaia da!

Idurre Eskisabel LarraƱaga 2025eko abenduaren 22a

Errotondea, bidekurutzea, moteltzea, etena, minbizia… Azken urteetan berba sorta hori guztia erabili da euskerearen etorkizunak sortutako kezka adierazoteko. Izan be, datuek, ikerketek eta aurreikuspenek normalizazino eta bizibarritze prozesuan atzera egiteko arriskua handia dala agerrarazo dabe.

Hau aintzat hartuta, euskerea eta euskal hiztun komunidadea larrialdi linguistikoan gagozala
adierazo genduan Euskalgintzaren Kontseilua osotuten dogun eragileok oin urtebete. Mundu aldrebestu honetan ugaritu jakuzan krisi sistemikoen parte da hizkuntza-larrialdia, globalizazinoaren muturreko aldaera honek eta bizitzearen digitalizazinoak eremu guztietan egiten dau-ta indartsua indartsuago eta zaurgarria zaurgarriago; hizkuntzen auzian, hizkuntza nagusiak nagusiago eta minorizauak geroz eta ahulago.

Halanda be, azpimarratu genduan larrialdian gagozala adierazotea ez dala etsitzeko dei bat; aitzitik, euskereari pizkunde barri bat emoteko lehen argi-izpia ekartea dala. Itxaropenaren txinparta piztekoa.

Baina itxaropena ez da zain egotea. Itxaropena egitea da. Ezinbestekoa da, euskerea kinka
larrian izan dan beste momentu batzutan moduan, barriro be euskaltzaletasunaren giharra
indartutea. Izan doguz lehenago be larrialdi gorriko uneak, eta aldi bakotxean milaka
euskaltzaleren bulkada, erabaki eta ekimenetik etorri dira pizkundeak; une kritikoetan
alkarregaz aritzeko eta egiteko izan dogun gaitasunetik.

Eta, jakina, euskaltzaletasuna itxaropena ez ezik, mundua ikusteko modu bat da: hizkuntza-
supremazismoaren kontrako jarrera bat, hizkuntza bardintasunaren aldekoa. Azkenean,
justiziagaz, bardintasunagaz eta askatasunagaz sakonki lotuten dan ikuspegi bat. Arestian aitatu dogu mundua hizkuntza minorizauen kontra datorrela, baina guk euskerea dogu munduaren alde.

Euskerearen etorkizuna jokoan dago, eta barriro be euskaltzaletasuna lehen lerrora ekarteko unea da. Eguneroko milaka ekintza eta keinuren bidez, baina ahaztu barik euskerearen bizibarritzeak ezinbesteko dituala erabaki politikoak; jauzi bat behar dala euskerearen aldeko politika publikoetan egungo erronkei aurre egiteko.

Danon esku dago horretan eragitea. Abenduaren 27an Bilbao Arenan milaka euskaltzale
batuteko erronkea dogu aurretik. Isiotu daigun pizkunde barri baten lehenengo txinpartea.
Euskalzaleon garaia da!

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!