FUTBOLA

Beste garaipen bat andrazkoen Arratia Ak, seigarrena jarraian

Erredakzinoa 2025eko abenduaren 15a

Andrazkoen Arratia A taldeak 0-1 irabazi eban Real Sociedad C taldearen kontra hilaren 13an eta lidertzan dago. Gizonezkoen Arratia Ak eta Lemoako Harrobik irabazi egin ebezan hilaren 13an jokatutako partiduak; gizonezkoen Arratia Bk ostera galdu egin eban. Andrazkoen Arratia Bk irabazi egin eban etxetik kanpo domekan.

Andrazkoen Arratia A taldeak 0-1 irabazi eban zapatuan Zubietan Real Sociedad C taldearen kontra Ariane Blascok 68. minutuan sartutako golari esker. Lehen postuan egon arren min hartuta dagozan jokalari asko ditu eta Realaren kontrako partiduan aldaketa bi baino ez ebazan egin berbarako. Arratiak atzen sei partiduak jarraian irabazi ditu. Hamaika jardunaldiren ostean 25 puntu ditu Igorreko taldeak eta lidertzan dago. Datorren partidua hilaren 21ean jokatuko dau Urbietan Tolosa taldearen kontra, eguerdiko 12:00etan. Bigarren bueltako lehen partidua izango da.

Andrazkoen Arratia B taldeak hilaren 14an jokatu eban etxetik kanpo bere aurretik dagoan Basauriko Kimuak B taldearen kontra eta 2-4 irabazi eban. Arratiarrak Uxue Aurtenetxeren gol bategaz aurreratu ziran baina etxekoek bardintzea lortu eben; lehen zatia amaitu orduko ostera Alaitz Zelestinok 1 eta 2koa eta Aurtenetxek 1 eta 3koa sartu ebezan. Bigarren zatian etxekoek aldea txikitu eben 2 eta 3koa sartuta baina deskontuan Zelestinok arratiarren laugarrena sartu eban. Aurreko partidua husna bardindu eban Urbietan Elorrio B taldearen kontra. Hamar jardunaldiren ostean 20 puntu ditu Arratia Bk eta hirugarren postuan dago. Datorren partidua Urbietan jokatuko dau Ibaiondo Nerbioi taldearen kontra hilaren 20an, eguerdiko 12:55ean.

Gizonezkoen Arratia A taldeak zapatuan jokatu eban Urbietan Astrabuduako taldearen kontra eta 2-1 irabazi eban. Paul Garaigordobilek sartu eban lehen gola 8. minutuan eta Jon Ordeñanak bigarrena 62. minutuan; kanpokoen gola 90. minutuan heldu zan. Hamahiru jardunaldiren ostean 26 puntu ditu Arratia Ak eta hirugarren postuan dago, igoera postuetan. Datorren partidua etxetik kanpo jokatuko dau laugarren postuan dagoan Begoña A taldearen kontra hilaren 21ean, 11:15ean.

Gizonezkoen Arratia B taldeak hilaren 13an jokatu eban etxetik kanpo Elorrio A taldearen kontra eta 1-0 galdu eban. Hamahiru jardunaldiren ostean 11 puntu ditu Arratia Bk eta hamalaugarren postuan dago. Datorren partidua hilaren 20an jokatuko dau Urbietan Ezkurdi A taldearen kontra, arrastiko 18:00etan.

Lemoako Harrobi
Lemoako Harrobi taldeak hilaren 13an jokatu eban etxetik kanpo La Merced A taldearen kontra eta 0-2 irabazi eban. Golak lehen zatian heldu ziran; Xanti Kortak sartu eban lehenengoa 9. minutuan eta bigarrena Jon Casillasek 25. minutuan. Hamahiru jardunaldiren ostean 27 puntu ditu Lemoako Harrobik eta bosgarren postuan dago. Datorren partidua hilaren 20an jokatuko dau Arlonagusian Umore Ona A talde liderraren kontra, arrastiko 17:00etan.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!