MUSIKEA

Diman, Zeanurin eta Igorren proiektauko da 'Akelarre: marearen kontra' dokumentala

Erredakzinoa 2025eko abenduaren 10a

Astegoien honetan, hau da, hilaren 12an Diman, 13an Zeanurin eta 14an Igorren proiektauko da Akelarre talde mitikoaren ibilbidearen gaineko dokumentala eta urtailean, Lemoan.

Akelarre musika taldearen ibilbide musikal oparoaren jatorria eta momenturik adierazgarrienak errepasetan dituan dokumentalaren Arratiako lehenengo proiekzinoa Areatzan egin zan zemendiaren 30ean. Juanma Labandibar arteaztar teklistea eta Zure ondoan, Karolina eta Malko bi moduko balada mitikoen ahotsa bertan egon zan. Baina ez da emonaldi bakarra izango, hurrengo egunetan Diman, Zeanurin eta Igorren proiektauko da, hurrengoz hurrengo, dokumentala.

Abenduaren 12an Dimako eskolako kamaran egongo da ikusgai Akelarre: marearen kontra, 19:00etan. Abenduaren 13an ostera, Zeanuriko Kultur Etxean proiektauko da 19:00etan eta abenduaren 14an Igorreko Lasarte Aretoan, 19:30ean. Egunik zehaztu ez bada be, Labandibarrek BEGITUn aurreratu eban urtailean Lemoan be ikusi ahal izango dala dokumentala.

Oholtzatik pantailara
Akelarre musika taldeak euskera hutsezko rock doinuakaz bete ebazan Euskal Herriko areto eta plazak 1972tik 2005era. 33 urteko ibilbide nekaezinaren ostean 2009an be batu ziran taldekideak, kontzertu gitxi batzuk emoteko. Oin, taldearen jaiotzatik 53 urte pasau diranean, taldea eta bere jarraitzaileak musikeagazko pasinoaren bitartez alkartuten dituan Akelarre: marearen kontra dokumentala aurkeztu dabe. Juanma Labandibar taldekideaz gainera, dokumentalean arratiar ugarik hartu dabe parte: Eukeni Arriortua, Illart Gumuzio, Ander Gorospe eta Ibai Urkiza igorreztarrak, Ainhoa Murgoitio arantzazuarra eta Igor Estankona arteaztarrak.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!