ZIKLO-KROSA

Juan Lazpita dimoztarra lehenengo eta Iñaki Parada bediaztarra hirugarren Ametzagako Ziklo-kroseko Master 50/60 kategorian

Amaiur Irazabal Korta 2025eko azaroaren 24a

Zemendiaren 22an Zuian (Araba),  XXXIX. San Andres Saria ziklo-kroseko lasterketea ospatu zan, Lazpita eta Parada arratiarrek lortu eben podiumera igotea. 

Lasterketa hau, XXXIX. San Andres Ziklo-kros lasterketea, tradizino handiko da; Euskal Herriko ziklo-kros egutegian data garrantzitsutzat markauta dagoana. Zapatuko eguna, goizeko 9:30ean hasi zan Master 40/50/60 kategoriatako probakaz. Ostean, kadeteak euki eben lasterketea 10:30ean. Ordu batera egin zan lehenengo sari banaketea. 12:00etan, Junior eta Elite Sub-23 andrazkoen lasterketea hasi zan eta ordu bat beranduego gizonezkoena eta Master 30eko mailakoena. Atzen sari banaketea 14:15ean hasi zan. Ekitaldia, Zuiako Txirrindulari Elkarteak antolatuten dau bertako erakunde eta enpresa askoren laguntzeagaz.

Master 50/60ko lasterketan, Juan Lazpita Dimakoa lehenango geratu zan, 41 minutu eta 19 segundoko denporeagaz eta Iñaki Parada Bediakoa hirugarren, 42 minutu eta 57 segundo eginda. Bien artean, podiumeko bigarren lekua hartuten, Azibar Iraolagoitia egon zan 42 minutu eta 21 segundotan eginaz lasterketea.