FUTBOLA

Andrazkoen Arratia A lidertzan

Iñigo Irua 2025eko azaroaren 24a

Andrazkoen Arratia Ak eta Bk eta Lemoako Harrobik euren partiduak irabazi dabez. Gizonezkoen Arratia Ak bardindu egin dau eta Arratia B taldeak galdu.

Andrazkoen Arratia Ak domeka arrastian jokatu eban etxetik kanpo Bizkerre B taldearen kontra eta 0-1 irabazi eban. Arratiarren gola Olaitz Arroyo igorreztarrak sartu eban 78. minutuan. 9 jardunaldiren ostean 19 puntu ditu Arratia Ak eta lidertzan dago. Datorren partidua abenduaren lehen astegoienean jokatuko dau Igorreko taldeak eta bigarren postuan dagoan Deportivo Alaves B taldea hartuko dau Urbietan. Partiduaren ostean Nerea Beitia kapitainak holan balorau eban lidertza: “Oso pozik eta harro gagoz, lortu doguna lanaren eta esfortzuaren ondorioa da, egia da denporaldi hasikerea ez zala ona izan baina horreri bueltea emotea lortu dogu, badakigu partidu bakotxean gure ehuneko ehuna emon behar dogula, beraz, bai joko aldetik, bai jarrera aldetik, dinamika honetan jarraitu behar dogu. Datorren astegoienean ez daukagu partidurik baina lanean segidu behar dogu, deskantsua ondo etorriko jakun arren. Lehen postuan egoteak asko motibetan gaitu lanean segiduteko eta datorrenari aurre egiteko”.

Andrazkoen Arratia B taldeak domeka eguerdian jokatu eban etxetik kanpo Ezkurdi taldearen kontra eta 0-5 irabazi eban. Lehen zatian hiru gol sartu ebezan arratiarrek, 12. minutuan Uxue Aurtenetxek eta 13. eta 31. minutuetan Alaitz Zelestinok. Bigarren zatian heldu ziran laugarrena Zelestinok sartuta 57. minutuan eta 63. minutuan Aurtenetxek bosgarrena sartu eban. Zelestino da gainera kategoriako pitxitxia 11 golegaz. Zortzi jardunaldiren ostean 16 puntu ditu Arratia Bk eta hirugarren postuan dago. Datorren astegoienean atsedena dauka Arratia Bk.

Gizonezkoen Arratia A taldeak zapatu arrastian jokatu eban Urbietan Sporting de Lutxana A taldearen kontra eta husna bardindu eban. Hamar jardunaldiren ostean 20 puntu ditu Arratia Ak eta laugarren postuan dago. Datorren partidua barriro jokatuko dau etxean, Otxarkoaga A taldearen kontra hilaren 29an, 15:45ean.

Bariku arrastian jokatu eban gizonezkoen Arratia B taldeak San Migel A taldearen kontra eta 3-1 galdu eban. Arratiarrak, 22. minutuan, Ibon Agirretxeren gol bateri esker 0-1 aurreratu baziran be, etxekoek hiru gol sartu ebezan bigarren zatian. Hamar jardunaldiren ostean 8 puntu ditu Arratia Bk eta hamalaugarren postuan dago. Datorren jardunaldian Urbietan jokatuko dau Iurretako A taldearen kontra hilaren 30ean, 12:55ean.

Lemoako Harrobi
Zapatu arrastian jokatu eban Lemoako taldeak Arlonagusian Zaldua A taldearen kontra eta 4-1 irabazi eban. Lehen zatiko 32. minutuan aurreratu ziran lemoaztarrak Xanti Kortaren golari esker eta holan heldu zan partidua atsedenaldira. Bigarren zatiko 56. minutuan Iker Bikandik etxekoen bigarrena egin eban, baina handik bost minutura kanpokoek bi eta batekoa sartu eben penaltiz. Halanda be Lemoakoek arin handitu eben aldea Ander Garciak sartutako golagaz. Oier Zalduegik egin eban etxekoen laugarren eta atzen gola 71. minutuan. Hamar jardunaldiren ostean 21 puntu ditu Lemoako Harrobik eta laugarren postuan dago. Datorren jardunaldian Indartsu taldea eukiko dau aurkari etxetik kanpo hilaren 29an, 15:30ean.