garraioa

2026an BideOn berraktibetako plana onartu dabe Arratiako udalek

Asier Abrisketa 2025eko azaroaren 20a

Kostuak % 50ean murriztuteko plana onartu dabe udalek, baina ubideztarrak eta unibersidadeetara joan gura daben gazteak kanpoan geratu dira. Planaren egiletzak tirabirak sortu ditu EH Bildu eta EAJren artean.

BideOn Arratia eskaripeko garraio sistemea joandako udaraino egon zan martxan eta Bizkaiko Foru Aldundiak 900.000 euroko inbersinoa egin ostean baliogarria izan zan 65 urtetik gorakoentzako zein unibersidadera joateko ikasleentzako. Halanda be, proba pilotua amaituta Aldundiak udalen esku itxi dau finanziazinoa. EAJ eta EH Bildu udan hasi eta zemendira arte egon dira batzartuten eta BideOn-en aurrekontua % 50ean murriztuteko plan bat onartu dabe. Holan, espero da BideOn 2026an martxan ipinitea. Arratiako Udalen Mankomunidadeko udal guztiek onartu dabe plana, baina Ubidek ez dau parterik hartuko BideOn barrian.

Aitor Sorriketa Bediako alkate eta Arratiako Udalen Mankomunidadeko presidenteak BEGITUn azaldu dauanez, adinekoei eta mendekoei zerbitzu soziosanitarioetarako eta auzoetan bizi diranentzako oinarrizko zerbitzuetara hurbildutera mugatuko da BideOn oindik aurrera. “Printzipioz baztertuta” geratuko da gazteak unibersidadeetara hurbildutea, “eskari gitxi” egon dalako. Beste alde batetik, kostua murriztu aldera be, malgutasuna galduko dau zerbitzuak eta gidarien ordainketetan be aldaketak egongo dira. Lehen guardian egoteagaitik kobretan eben gidariek eta oin orduak bajatu eta zerbitzuengaitik kobrauko dabe. Bulegoaren funtzionamentuan eta eskaerak egiteko plataforman be egingo dira aldaketak.

EAJ eta EH Bilduren tirabirak

BideOn berraktibetako plan honen barri emotea, EAJk prensaoharra bialdu eban medioetara zemendiaren 14an, "Arratiako EAJ-PNVren udalerriek bideON zerbitzua 2026an berraktibetako bideragarritasun-plan iraunkor bat aurkeztu dabe" titulupean. Holan, planaren egiletza bere gain hartzean dabe baina EH Bildutik, hau gezurtatu gura izan dabe BEGITUn. Asier Aburto EH Bilduko Arantzazuko alkatearen esanetan, EAJk gaurko planaren aurrekontu bikotxeko plana aurkeztu eban uda hasikeran eta EH Bilduk ezezkoa emon eban, udalek ezin dabelakoan holango proiektua ekonomikoki euren gain hartu. Holan, alderdien arteko batzarrak mantenidu dabez zemendira arte eta Aburtok defendidu dau, EH Bildurenak diran proposamen gehienak: "Eurak proposatu daben bakarra zerbitzua 70 urtetik gorakoei emotea izan da". 

 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!