feminismoa

Arratiako Mugimendu Feministak Igorren andra batek sufridutako sexu-erasoa salatu dau

Arratiako Mugimendu Feminista 2025eko azaroaren 14a

"Saltzean deuskuen erasotzaile ezezagun munstroaren irudiak geure autonomia eta askatasuna murrizteko balio dau, espazio publikoaren erabilera askea mugatuz".

Arratiako Mugimendu Feministatik ozenki salatu gura dogu aurreko domekan Igorren andra batek sufridu eban sexu-erasoa. Ezer baino lehen, biktimeari gure babesa eta alkartasuna adierazo gura deutsaguz.

Sexu-indarkeria andra eta genero disidenteon giza eskubideen urraketarik ohikoenetako bat izan arren, isilduenetako bat be bada. Emakume eta genero disidente guztiok jakin badakigu bizitzan zehar sexu-erasoren bat sufriduteko arriskua dogula, izan be, patriarkaduak txiki-txikitatik barneratu deusku sexu-izua, baina kontau ez deuskuena da erasotzailea, gehienetan, inguruan dagoan gizon ezaguna izango dala.

Saltzean deuskuen erasotzaile ezezagun munstroaren irudiak geure autonomia eta askatasuna murrizteko balio dau, espazio publikoaren erabilera askea mugatuz. Sexu-indarkeriaren aurrean instituzinoek segurtasun-kontrolari lotutako neurriak eskaintzen deuskuez, hala nola, polizia gehiago eta kamarak nongura ipintea.

Guk barriz, behin eta barriro esan gura dogu, horreek ez dirala guk behar doguzan neurriak. Jente-artea bera dala goitik behera eraldatu behar dana dinogu. Zergaitik? Andra eta genero disidenteegazko mespretxua, gitxiespena eta objektualizazinoa podere harreman ierarkizatuetan egituratuten dan jente-arte honen bai kausa bai emaitza diralako. Eta podere harreman desorekatu horreek indarkeria matxistea berretsi eta bermatuteko tresna gisa funtzionetan dabelako.

Eta, gizonen ardurea be badalako, errebelau zaiteze maskulinotasun eredu toxikoaren kontra, ez babestu zuen inguruko gizonen jokaera matxistak, alkartu zaiteze indarkeria matxistearen inguruan eztabaidatutera eta parte hartu indarkeria gaitzezteko mobilizazinoetan.

Indarkeria matxisteari aurre egitea guztion erantzukizuna da, ardura kolektiboa dala azpimarratu gura dogu. Guztion ardurea da biktimeagazko alkartasuna adierazotea, herrian sor daitekezan zurrumurruak isiltzea eta andrak eta genero disidenteak gitxiesten gaituezan komentarioen konplizeak ez izatea.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!