futbola

Andrazkoen Arratia Ak 0-2 irabazi dau Athletic Cren kontra

Iñigo Irua 2025eko azaroaren 10a

Goian: Joana San Andrés, Maialen Cocó, Irune Egiguren, Alba Del Hoyo eta Olatz Areitio; behean: Irati Artaraz, Lucia Pascual, Ariane Blasco, Nerea Beitia, Amaiur Artetxe eta Olaitz Arroyo.

Andrazkoen eta gizonezkoen Arratia A taldeek irabazi egin ebezan euren partiduak, andrazkoen Arratia Bk eta Lemoako Harrobik bardindu eta gizonezkoen Arratia Bk galdu.

Andrazkoen Arratia A taldeak Lezaman jokatu eban zapatu arrastian ordura arte lidertzan egoan Athletic C taldearen kontra eta 0-2 irabazi eban. Partiduko atzen minutuetan heldu ziran golak; 81. minutuan Atlhetic-etik etorritako Naroa Lejarzak sartu eban arratiarren lehen gola eta hiru minutu beranduago June Uriartek sartu eban bigarrena. Lehen zatiko 25. minutuan epaileak Athletic-eko jokalari bat kaleratu eban. “Ondo olgau dogu, egie da lehenengo zatian euren jokalari bateri txartel gorria atera deutsiela eta igarten da, baina ondo hasi arren txartel gorria atera ostean ezkara hain ondo ibili, desordenauta eta presinoa txarto egiten ibili gara. Orokorrean partidu polita izan da, kostau jaku golak sartzea ze lehenengo gola 81. minutuan etorri da, baina bueno, aukerak euki doguz, nik uste dot eurek baino aukera gehiago euki doguzala, lehen zatian gure atezainak geldiketa oso on bi egin dauzan arren, baina bigarren zatian eurak ez dira heldu ia” adierazo eutsan BEGITUri partiduaren ostean Nerea Beitia arratiarren kapitainak. Zazpi jardunaldiren ostean 13 puntu ditu Arratia Ak eta laugarren postuan dago sailkapenean. Datorren partidua etxean jokatuko dau Eibar C taldearen kontra hilaren 15ean, arrastiko 15:45ean.

Andrazkoen Arratia B taldeak domeka arrastian jokatu eban etxetik kanpo Erandioko Neskak taldearen kontra eta bosna bardindu eban. Alternantzia handia izan zan markagaiuan, Arratiarrak 0-2 aurreratu ziran Alaitz Zelestinok jarraian sartutako gol biri esker, baina etxeko taldea 3-2 ipini zan atsedenaldira heldu orduko. Bigarren zatia hasi eta bost minutura Zelestinoren beste gol batek hirunakoa ipini eban markagailuan, gero, barriro aurreratu ziran etxekoak gol bi sartuta (60. eta 70. minutuetan) eta 80. eta 90. minutuetan Matxalen Gozalezek sartutako gol biek bosnakoa jarri eben markagailuan. Sei jardunaldiren ostean 13 puntu ditu Arratia Bk eta hirugarren postuan dago. Datorren jardunaldian atsedena eukiko dau taldeak eta hurrengo partidua hilaren 22-23ko astegoienean jokatuko dau etxetik kanpo Ezkurdi taldearen kontra.

Gizonezkoen Arratia Ak zapatu arrastian jokatu eban Urbietan Gernika Sportin A taldearen kontra eta atzen partidu biak galdu ostean 2-1 irabazi eban. Arratiarren lehenengo gola lehen zatiko 15. minutuan heldu zan eta Xabier Orbe izan zan goleatzailea. Bigarren zatian 2-0 ipini ziran arratiarrak Amin Chairak 63. minutuan sartutako golagaz; gernikarrek aldea estututea lortu eben 2 eta 1ekoa sartuta baina holan amaitu zan partidua. Zortzi jardunaldiren ostean 16 puntu ditu Arratia Ak eta laugarren postuan dago. Datorren partidua etxetik kanpo jokatuko dau Gordexola taldearen kontra hilaren 15ean, 15:30ean.

Gizonezkoen Arratia B taldeak domeka arrastian jokatu eban Loiola Indautxu taldearen kontra eta 3-0 galdu eban. Zortzi jardunaldiren ostean 7 puntu ditu Arratia Bk eta hamalaugarren postuan dago. Datorren partidua Urbietan jokatuko dau Galdakao B taldearen kontra hilaren 15ean, 18:15ean.

Lemoako Harrobi

Lemoako Harrobik zapatu arrastian jokatu eban Arlonagusian Ezkurdi A taldearen kontra eta husna bardindu eban. Zortzi jardunaldiren ostean Lemoako Harrobik ez dau partidurik galdu eta laugarren postuan dago 18 puntugaz. Datorren partidua etxetik kanpo jokatuko dau Ermua A taldearen kontra hilaren 15ean, 18:30ean.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!