alkarrizketea

"Onura personal zein kolektiboak emoten dauzan ekimena da Baterajotzea"

Amaiur Irazabal 2025eko azaroaren 5a

21 arratiar gazte feminista batu ziran pasau barri dan astegoien honetan Zaldibarren, Euskal Herriko Gazte Feministen Baterajotzean. Orratzak gazte talde feministearen berbetan, tresna barri askogaz bueltau dira Arratiara.

Baterajotzea, Euskal Herriko Gazte Feministen sareak urte birik behin antolatzen dauan mugarria da. Aurten, "Feminismoa Lubaki" izan da topaketa honeen izena eta Zaldibarren izan da urri bigarrenaren 31tik zemendiaren 2rarte. Astegoien oso batez zortzirehundik gora kide feminista batu dira Euskal Herriko txoko desbardinetatik joandakoak. Topaketa honeetan, ikasi, hausnartu, konspìrau eta gozatzeko aukerea egon da, bertan eskaintzen diran berbaldi, tailer, mahai-inguru zein aisialdi eskaintza desbardinak egon diralako.

Arratiatik 21 gazte feminista batu ziran Zaldibarren astegoien osorako eta honeek be feminismoaren lubaki euki dabe Baterajotzea. Asteak ibili dira Baterajotzeko aurreprestaketa eta lanketa eskualdean lurreratuten eta gazte feminista danak gonbidatuten. Orratzak, Arratiako gazte talde feministako kideak bertan egon ziran barikutik domekara eta ekintza desbardinetan hartu eben parte. Taldeak balorazino oso positiboa egin deutsa aurtengo Baterajotzeari.

Arratiako gazte feministak 2024ko Baterajotzean Usurbilen

Arratiako gazte feministak 2024ko Baterajotzean Usurbilen.

Zenbat Arratiar gazte feminista joan zarie aurtengo Baterajotzera?

Arratiatik, hamazazpi eta  hogeita sei urte bitarteko hogeta bat gazte joan gara Baterajotzera aurten.

Zergaitik joan zarie bertara? Zergaitik egin dozue apustua arratiar gazte feministak bertaratuteko?

Alde batetik, Euskal Herriko Gazte Feministen topaketa honeek saretuteko momentu oso ona dira,  eskualdeko gazte feministakaz zein beste leku askotakoakaz be. Beste alde batetik, bestelako aisialdi bat eskaintzen da eta horregaz batera, hainbat eduki lantzean dira beste espazio askotan topauko ez genduzanak. Eskualdetik kanpo momentu honetan ze testuinguru dauan ikusteko be aukera aproposa da ekimena. Hau holan, onura personal zein kolektiboak emoten dauzan ekimena da Baterajotzea eta horregaitik bultzatu dogu jentea bertara. 

Zelan lurreratu dozue Baterajotzea eskualdean?

Eskualdean Baterajotzeak bere lekua eukiteko modu eta bide desbardinak erabili doguz. Aurkezpen formala egin dogu Orratzaketik eskualdean eta Arratia BHI Institutuan, Ingatu ikasle talde feministearen eskutik beste aurkezpen bat egin zan. Propagandeari begira, pankartak egiteko deialdi bat egin gendun eta beti euki dogu kontuan kaleetan ekimen honen presentzia handia izan behar dala, kartelen bidez gehien bat. Gazteakaz harremana egiteko orduan, kafeak hartu doguz militante feministakaz edota gure inguruko hamarnaka personagaz. Erabili dogun beste tresna garrantzitsu bat mobikorra izan da, jentea idatzi eta Zaldibarrera etorteko gonbidapena luzatuteko.

Zer egin dozue Baterajotzean?

Askotariko eskaintzea egon da. Egunean zehar, bai bariku eta bai zapatuan, mahai-inguru zentraletan egon gara. Berbaldi eta tailer desbardinetan hartu dogu parte eta danetan ikasi dogu zeozer. Gauetan, aisialdi eskaintza handia egon da eta kontzertu eta artista guztiakaz eta barikuko bertso-saioagaz asko disfrutau dogu.

Zer ikasi dozue Arratiako gazte feministek Baterajotzean?

Euskal Herriko gazteen artean, espazio barriak sortuten dabiz eta oso beharrezkoak dira beste aisialdi eredu batzuk hor dauzala ikusteko. Neska eta sexu-genero disidenteon espazioak sortu, indartu eta zainduten segidu behar dogula ikasi dogu. Horrezaz gaineta, oinarte inoz entzun bako teoria eta dikursoak ikasteko aukerea euki dogu. Problematika barriak ikusi eta alkarregaz politizau gara. Indibidualki eta kolektiboki aurrerapausuak emon doguz eta tresna barri askogaz bueltau gara Arratiara.

Zelan balorau dozue Baterajotzea Orratzak talde feministatik?

Oso positibo. Arratiako gazte gehiago batuko baziran pozago egongo ginan, guk bertan ikasitako dana gure inguruko jente gehiagogaz partekatu ahalko gendulako, baina hori hurrengo Baterajotzerako itxiko dogu. Oso eroso, gustura eta pozik egon gara hiru egunetan, gure arteko harremanak estutu eta alkarregaz ikasi dogulako. Baterajotzea eduki aldetik ezin izan da hobea izan. Eskaintza anitza eta betea izan da eta asko eskertu dogu hori. Gainera, uste dogu asko aprobetxau dogula ikasteko eta gozatuteko aukera hau. Indartsu eta motibauta urtetako lagundu deusku. Mundua ikusteko beste begi batzuk landuten eta eraikiten lagunduten deutsu Baterajotzeak, egoera eta gertakari batzuk politizatzen eta honen gaineko eretxi kolektibo bat sortu eta lurreratuten. 

Zer da aurtengo baterajotzetik gehien gustatu jatsuena?

Eskaintza oso anitza izatea eta egon dan giro sano eta dibertigarria, gustatu jaku gehien. Hainbat berbaldi egon dira aukeran, gainera ez da dana formatu bardinean eskaini. Tailerrak be gustu guztientzako personentzat izan dira eta danak emon deusku irakaspen bat, espero ez gendun eta agian, eskaintza konkretu batzutan bilatuten ez gendun irakaspena. "Drageatu ezin bada, ez da gure iraultza" izan leiteke gehien gustau jakun eskaintzea. Oso dinamikoa egin jakun eta beste era batera kontzeptuak ikasteko espazioa izan zan.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!