Domeka eguerdian jokatu zan Urbietan gizonezkoen Arratia B eta Lemoako Harrobiren arteko derbia eta bana amaitu zan partidua. Lemoaztarrak aurreratu ziran 10. minutuan Iker Bikandiren golari esker; Arratia Bk 23. minutuan lortu eban bardinketea Aitor Leivaren golagaz. Zazpi jardunaldiren ostean Lemoako Harrobik 17 puntu ditu eta laugarren postuan dago eta Arratia Bk 7 puntu ditu eta hamabigarren postuan dago. Datorren jardunaldian Loiola Indautxuren kontra jokatu dau Arratia Bk etxetik kanpo, hilaren 9an, 19:30ean eta Arlonagusian jokatuko dau Lemoako Harrobik Ezkurdi A taldearen kontra hilaren 8an, 17:00etan.
Andrazkoen Arratia A taldeak domeka arrastian jokatu eban Urbietan Añorga taldearen kontra eta 5-1 irabazi eban. Partidu biribila jokatu eban talde arratiarrak. 26. minutuan aurreratu ziran etxekoak Ariane Blascok sartutako golari esker; bost minutu beranduago Lucia Pascualek bigarrena egin eban eta handik bost minutura Olaitz Arroyok arratiarren hirugarrena egin eban. Hurrengo minutuan ostera kanpotarrek gola sartu eben. Atsedenaldira heldu orduko arratiarrek penalti bat hutsegin eben. Bigarren zatiko 65. minutuan Alba del Hoyok laugarrena sartu eban eta partidu amaieran Itsaso Kumik etxekoen bosgarrena egin eban. Sei jardunaldiren ostean 10 puntu ditu Arratia Ak eta laugarren postuan dago sailkapenean. Datorren partidua Lezaman jokatuko dau lidertzan dagoan Athletic C taldearen kontra hilaren 8an, arrastiko 19:00etan.
Andrazkoen Arratia B taldeak 4-2 irabazi eban zapatu arrastian Urbietan Pauldarrak Bren kontra jokatutako partidua. Arratiarrak arin aurreratu ziran markagailuan Alaitz Zelestinok sartutako golari esker, baina gitxi iraun eban pozak, penalti bat sartu eben aurkariek 13. minutuan eta gero 1-2 aurreratu ziran 22. minutuan. Kosta egin jakien partidua bardintzea aukerak izan arren, baina Zelestinok 3 gol sartuta bigarren zatian aurrera atera eban Arratia Bk partidua. Aitatzekoa lau golak Zelestinok sartu ebazala, igazko pitxitxia maila honetan. Bost jardunaldiren ostean 12 puntu ditu Arratia Bk eta bigarren postuan dago. Datorren partidua etxetik kanpo jokatuko dau Erandioko Betiko Neskak B taldearen kontra hilaren 9an, 20:00etan.
Gizonezkoen Arratia A taldeak zapatu arrastian jokatu eban lidertzan partidurik galdu barik dagoan Galdakao A taldearen kontra eta 4-1 galdu eban. Atsedenaldira 2-0 heldu ziran. Bigarren zatian Jokin Gotik sartu eban arratiarren gola. Zazpi jardunaldiren ostean 13 puntu ditu Arratia Ak eta atzen partidu biak galdu ostean bosgarren postuan dago sailkapenean. Datorren partidua Urbietan jokatuko dau Gernika Sporting A taldearen kontra hilaren 8an, 17:45ean.