Euskerearen arnasguneak osotuten dabezan udalerri euskaldunetako gaztetxoei zuzendutako lehiaketea da Arnasetik. Hau, Arnasa Gara ekimenak antolatuten dau, UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak alkarregaz sustatutako egitasmoa. Hau laugarren edizinoa izango da eta pasau dan urtean 260 bideo aurkeztu ziran. Euskerearen arnasguneek euskerearen bizibarritzerako daukien garrantzia, jente-artetzea dauka helburu. Informazino osotua arnasagara.eus webgunean ikus daiteke.
Lehiaketak hiru kategoria ditu, adinaren arabera: LH 5-6, DBH 1-2 eta DBH 3-4. Banaka edo lagunartean arnasguneetako ikastetxeetako ikasleek, euskereari lotutako istorioak isladatu beharko ditu minutu biko ikus-entzunezko lanetan. Urri bigarrenaren 31ra arte batuko dira lanak eta 500 euroko balioa daukien lau sari banatuko dira, adin-tarte bakotxeko bat eta publikoaren saria. Izan be, publikoak webgunean bozkatu ahal izango dau zemendian. Sari banaketea zemendiaren 27an egingo da Leitzan.
Adin-tarte bakotxeko erronka bana
Urtero lez, kategoria bakotxean gai bati lotutako erronka bat bete beharko dabe parte hartzaileek, ipinitako gaia bideoetan isladatuta. LH 5. eta 6. mailetako ikasleek gurasoek eta aitite-amamek herrian esaten dabezan esamoldeak bilatu eta gaur egungo baliokideak aurkitu edo asmatu beharko dabez. DBH 1. eta 2. mailetako ikasleak ostera, Arnasgune batean sartzeko casting batera aurkeztuko dira eta ia dana euskeraz egin daitekean herri batean bizitzeko arrazoi nagusiak azaldu beharko ditue. DBH 3. eta 4. mailetako ikasleek barriz pentsau beharko dabe, haien herria ixtekotan, zer somatuko eben gehien faltan.