palestina

Gazako su-etena gauzatu eta Palestinaren kolonizazinoa eteteko lan-ixteak deitu dabez sindikatuek

Asier Abrisketa 2025ko urr. 14a, 10:12

Israeli presinoa egiteko helburuagaz, hiru eta lau ordu arteko lan-ixteak deitu dira, hezkuntzako greba orokorraz gainera. Bilbon 12:30ean egingo da manifestazinoa eta herrietan 19:30erako dagoz deituta alkarretaratzeak.

Israelgo armadak itsasoz, airez eta lurrez urte bitan zehar egin dauzan erasoaldi ankerren ostean, Hamasek eta Palestinar Erresistentziako taldeek su-eten akordioa sinatu dabe Israelgo Gobernuagaz. Halanda be, sindikatuek aurrera egin dabe biharko, hilak 15, lan-ixte deialdiagaz. Helburua bai Israeli bai hemengo gobernuei presinoa egitea da, Gazan su-etena errespetatu eta Palestinaren kolonizazinoa eta palestinarren kontrako genozidioa amaitutea exijiduteko, eurentzako autodeterminazino eskubidea egikarituteko. Jardunaldiko lan-ixte eta uriburuetako manifestazinoez gainera, herri guzti-guztietan alkarretaratze zaratatsuak egingo dira 19:30ean. 

Sindikatuak baina, ez dagoz guztiz bateratuta biharko deialdietarako, sektore guztietako lan-ixteak eta hezkuntzan egun osoko greba danek deitu daben arren. Batetik, LAB, CCOO, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, Solidari, ETXALDE eta HIRUk, txandetan lan egiten daben langileentzako hiru orduko lan-ixteak deitu ditue (03:00-06:00, 11:00-14:00 eta 19:00-22:00) eta goizez lan egiten dabenentzako lau ordukoa (11:00-15:00). Manifestazino nagusiak barriz uriburuetan egingo dita, 12:30ean; Bilbon, Jesusen Bihotzetik urtengo da.

ELA (Euskal Herria), CGI (Galiza) eta Intersindicalek (Katalunia) barriz, hiru nazinoetako burruka bateratua bilatu dabe eta lau orduko lan-ixteak deitu ditue, baita txandetan lan egiten dabenentzako be. Holan, hezkuntzako egun osoko grebaz gainera, gainontzeko sektoreetan 03:00-07:00, 11:00-15:00 eta 18:00-22:00 tarteetan lanik ez egiteko deialdia egin dabe. Txandakako sektore industrialetan be lau ordukoak izango dira lan-ixteak: 02:00-06:00, 10:00-14:00 eta 18:00-22:00. Honeek deitutako uriburuetako mobilizazinoak barriz 11:30ean egingo dira; Bilbon Alameda Rekaldeko PSEren egoitza aurrean.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!