futbola

Andrazkoen Arratia Ak eta Bk eta Lemoako Harrobik irabazi

Iñigo Irua 2025ko urr. 13a, 10:30

Andrazkoetan Arratia Ak eta Lemoako Harrobik 2-1 irabazi eben etxean eta andrazkoen Arratia Bk 2-4 etxetik kanpo. Gizonezkoen Arratia Ak bardindu egin eban etxean eta Bk 2-1 galdu etxetik kanpo.

Andrazkoen Arratia A taldeak domeka arrastian jokatu eban partidurik galdu barik etorren Elorrio taldearen kontra eta 2-1 irabazi eban. Arratiarrak 19. minutuan Olaitz Arroyoren gol bategaz aurreratu ziran markagailuan eta 32. minutuan Irune Egigurenek bi eta hutseko ipini eban markagailuan Elorriokoek egindako penalti bat sartuta. Hiru minutu beranduago kanpotarrek aldea murriztu eben markagailuan bi eta batekoa sartuta. Lau jardunaldiren ostean 7 puntu ditu Arratia Ak eta bosgarren postuan dago. Datorren partidua etxetik kanpo jokatuko dau Bilbao Artizarrak taldearen kontra hilaren 19ean, eguerdiko 12:30ean.

Andrazkoen Arratia B taldeak domeka arrastian jokatu eban etxetik kanpo Uritarra taldearen kontra eta 2-4 irabazi eban. Arratiarrak 0-2 aurreratu ziran Iratxe Bernaolak eta Naiara Jovek sartutako golei esker; etxekoek ostera 1 eta 2koa sartu eben baina atsedenaldira heldu orduko Bernaolak bere bigarrena eta Uxue Aurtenetxek sartutako golak 1 eta 4koa ipini eban markagailuan. Bigarren zatiaren hasikeran etxekoek aldea murriztea lortu eben arren 2-4 amaitu zan partidua. Jardunaldi biren ostean jokoan egozan sei puntuan lortu ditu Arratia Bk eta bigarren postuan dago sailkapenean. Datorren partidua Ugeraga taldearen kontra jokatuko dau Urbietan hilaren 18an, 19:45ean.

Gizonezkoen Arratia A taldeak zapatu arrastian jokatu eban etxean Abadiño A taldearen kontra eta husna bardindu eban. Lau jardunaldiren ostean 10 puntu ditu Arratia Ak eta hirugarren postuan dago sailkapenean. Datorren partidua etxetik kanpo jokatuko dau Galea A taldearen kontra hilaren 18an, 18:30ean.

Gizonezkoen Arratia B taldeak zapatu arrastian jokatu eban etxetik kanpo Etxebarria A taldearen kontra eta 2-1 galdu eban. Atsedenaldira 1-0 galtzean heldu ziran eta bigarren zatia hasi eta segiduan etxekoek bigarrena egin eben, Arratiak minutu bi beranduago egin eban 2 eta 1eko gola, Ibon Agirretxek sartuta, baina holan amaitu zan partidua. Lau jardunaldiren ostean 3 puntu ditu Arratia Bk eta hamalaugarren postuan dago. Datorren partidua etxean jokatuko dau Montefuerte A taldearen kontra hilaren 19an, eguerdiko 13:00etan.

Lemoako Harrobi

Lemoako Harrobik zapatu arrastian jokatu eban Arlonagusian San Migel A taldearen kontra eta 2-1 irabazi eban. Etxekoak aurreratu ziran markagailuan Asier Beldarrainen golari esker lehen zatiko 23. minutuan, Jon Amurizak bigarren zatiko 66. minutuan sartutako golak bi eta hutsekoa ipini eban markagailuan, kanpokoek deskontuan sartu eben euren gola. Lau jardunaldiren ostean 10 puntu ditu Lemoako taldeak eta laugarren postuan dago sailkapenean. Datorren partidua etxetik kanpo jokatuko dau Iurretako A taldearen kontra hilaren 18an, arrastiko 16:30ean.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!