Astegoienean Tavernes Blanques-en (Valentzia) jokatu da World OneWall Tour Europako zirkuituaren lehenengo txapelketea eta bertan Rebotean OneWall Klub-eko jokalariek hartu dabe parte, hirurak arratiarrak. Mikel Beldarrain arteaztarra eta Jokin Burgete zein Lur Ziarrusta dimoztarrak egon dira bertan eta danen artean, lau domina eskutu ditue: urrezko bi, zidarrezko bat eta brontzezko bat.
Barikuan bikote mistoen txapelketea jokatu zan eta bertan, Lur Ziarrusta Carmen Jimenez valentziarragaz aritu zan. Sei bikote izan ziran guztira eta Ziarrusta-Jimenezek bigarren postua lortu eben. Zapatuan barriz, banakakoa egon zan jokoan eta Ziarrustak zein Burgetek hartu eben parte. Bi multzotan hasi zan txapelketea eta Burgetek multzoko hirugarren izanda, ezin izan eban finalerako txartela lortu. Ziarrusta barriz multzoko lehena izan zan eta finalean, Europako lehena dan Luke Thomsonen kontra, ondo kostata irabazi eban, urrea eskuratuta.
Domekan barriz binakakoa jokatu zan. Multzo bardinean hasi eben txapelketea Jokin Burgetek Mario Cañada valentziarragaz batetik, eta Lur Ziarrusta eta Mikel Beldarrain bestetik. Burgete-Cañada multzoko bigarren izan ziran baina finalaurrekoan kale egin eben ingelesen aurka eta brontzezko dominagaz geratu ziran. Ziarrusta eta Beldarrainek barriz finalaurrekoa irabazi eta finalera pasau ziran, hau be irabazita.



