futbola

Hiru garaipen eta bardinketa bat ligeari hasikerea emoteko

Iñigo Irua 2025ko ira. 22a, 09:19

Sano ondo hasi dabe ligea Arratiako futbol taldeek, gizonezkoen Arratia A eta B taldeek eta Lemoako Harrobik irabazi egin ebezan euren partiduak eta andrazkoen Arratia A taldeak bardindu.

Andrazkoen Arratia A taldeak zapatu arrastian jokatu eban Tolosan eta bana bardindu eban. Etxeko taldea aurreratu zan markagailuan lehen zatian baina bigarren zatian Maialen Cocók, aurtengo fitxaketa barrietako bat, banakoa sartu eban. “Lehenengo zatian desorekatuta ibili gara, bigarrenean ostera oso ondo eta aukerak euki doguz, batez be bandetatik” adierazo eutsan Begituri Nerea Beitia arratiarren kapitainak. Lehen partiduaren ostean puntu bat dauka Arratiak. Datorren partidua Urbietan jokatuko dau Oiartzun taldearen kontra hilaren 28an, goizeko 11:15ean.

Gizonezkoen Arratia A taldeak domeka goizean jokatu eban etxetik kanpo Basurto A taldearen kontra eta 1-2 irabazi eban. Arratiarrak 35. minutuan aurreratu ziran Julen Delgadoren golari esker eta 83. Minutuan Jon Ordeñanak 0 eta 2koa ipini eban markagailuan. Etxekoek 90. minutuan sartu eben euren gola. Arratiak hiru puntu ditu. Datorren partidua Urbietan jokatuko dau Dinamo San Juan A taldearen kontra hilaren 27an, arrastiko 18:00etan.

Gizonezkoen Arratia B taldeak zapatu arrastian jokatu eban Urbietan Acero taldearen kontra eta 2-0 irabazi eban. Gol biak Aitor Leivak sartu ebazan 20. eta 52. minutuetan. Arratia Bk hiru puntu ditu. Datorren partidua etxetik kanpo jokatuko dau La Merced A taldearen kontra hilaren 27an, arrastiko 18:00etan.

Lemoako Harrobi

Lemoako Harrobik be irabazten hasi eban ligea, joandako zapatuan, etxetik kanpo Elorrio A taldearen kontra. 0-2 izan zan emaitza. Lemoaztarren golak Unax Arnaizek, lehen zatiko 27. minutuan eta Oier Zalduegik bigarren zatiko 68. minutuan sartu ebezan. Lemoako Harrobik 3 puntu ditu. Datorren partidua Arlonagusian jokatuko dau Loiola Indautxu taldearen kontra hilaren 27an, arrastiko 17:00etan.

Arratia A jubenilak

Nazional Mailan dagoan Arratia A taldeak urri lehenengoko bigarren astegoienean hasi eban ligea eta bana bardindu eban etxetik kanpo Bergara taldearen kontra. Hilaren 20an ostera etxean jokatu eban Alaves B taldearen kontra eta bina bardindu eban. Partidu biren ostean puntu bi ditu Arratia Ak. Datorren partidua etxetik kanpo jokatuko dabe arratiarrek Indartsu taldearen kontra.

Gizonezkoen jubenil mailako Arratia Ak Nazional Mailara igotea lortu eban joandako denporaldian. Hirugarren urtea izan zan arratiarrek mailaz igotea lortu ebena, gainera jokalari honeetako askok Kadete mailako atzen urtean be igotea lortu eben.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!