jantzak

AIKO Taldeak jantza ikastaro ibiltaria ipiniko dau martxan Arratian

Asier Abrisketa 2025ko ira. 16a, 11:23

Kurso osoan luzatuko dan ikastaroa Areatzan, Artean, Igorren, Zeanurin eta atzenik Diman emongo da domekero. Lehenengo hilean irekia izango da edonork probau dagian.

Udabarrian Danspirenaika programearen barruan AIKO Taldeak Igorre, Dima, Zeanuri eta Areatzan eskainitako ikastaroak izan eban arrakastearen ondoren, eta parte-hartzaileen eskariari erantzunez, taldeak urte osoko ikastaro barri bat antolatu dau urri bigarrenetik bagilera bitartean.

Saioak domekero arrastiz egingo dira, maila bitan. Oinarrizko mailako ikastaroa jantzan lehen pausuak emoten ikasteko da, hasibarrientzako; 17:00etatik 18:30era emongo da. Hobekuntza ikastaroa barriz, 18:30etik 20:00etara, teknikea hobetu, errepertoria zabaldu eta lagunartean jantzan gozatuteko da.

Ikastaroa Areatzan abiatuko da urri bigarrenean eta zemendian, eta gero herriz herri ibiliko da: Artean (abendua-urtaila), Igorren (zezeila-martia), Zeanurin (aprila-maiatza) eta Dima izango da atzen geltokia, bagilean.

Hasikerako hilebetean, ez da beharrezkoa izen-emoterik ezta matrikularik, urri bigarreneko saioak doban izango dira edonork probatzeko aukerea izan dagian. Zemenditik aurrera, ikastaroaren prezioa hilean 20 eurokoa izango da, baina 18 eta 30 urte bitarteko gazteentzat dobakoa izango da.

Egitasmo hau Areatza, Artea, Dima eta Zeanuriko Udalek antolatu dabe Aikogaz batera, eta Igorren Eingo alkartearen laguntzea izango dau, bertako lokaletan egingo dira-ta klaseak.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!