eskupelotea

Lau urre eta zidarrezko hiru domina Euskal Selekzinoarentzako mundialean

Asier Abrisketa 2025ko ira. 1a, 11:46

Lau arratiar batu dituan Euskal Selekzinoak "lorpen historikoa" egin dau Herbehereetan jokatu barri dan Munduko Wallball Txapelketan.

Atzen astean wallball modalidadeko Euskal Pelota Selekzinoa Leeuward-en (Herbehereak) izan da, Munduko Wallball Txapelketea jokatuten. Zapatuan jokatu ziran finalak eta lepoak dominaz beteta bueltau dira gure pelotariak, urrezko lau eta zidarrezko hiru domina lortuta. Sei jokalari eta entrenatzaile bik osotu dabe selekzinoa eta euren artean, lau arratiar egon dira. Jokalari moduan Mikel Beldarrain arteztarra, Mikel Aurrekoetxea lemoaztarra eta Lur Ziarrusta dimoztarra egon dira eta entrenatzaile lez, Ekhi Ziarrusta dimoztarra.

Zapatuko finalen maratoian euskal pelotariek protagonismo osoa izan eben, bost finaletan parte hartuta. Bikote mistoen finalean Lur Ziarrusta eta Miren Larrarte urten ziran garaile set bi (21-19 eta 21-15) irabazita, Jurrit Osinga eta Marrit Zeinstra herbeherearren kontra. Andrazkoen banakako finalean barriz, finalista biak izan ziran euskaldunak eta Olatz Arrizabalaga nagusitu zan Miren Larrarteren aurka (16-21, 21-3 eta 6-11). Bardina gertatu da gizonezkoen banakakoan, Mikel Beldarrain eta Egoitz Amantegi egon ziran aurrez aurre eta Arteakoa izan zan garaile (21-10 eta 21-19).

Andrazkoen bikoteen finalean baino ez eben kale egin euskaldunek. Miren Larrarte eta Olatz Arrizabalagak Marrit eta Hiske Zeintra herbeherear ahizten kontra aritu ziran eta atzen honeek irabazi eben (21-14 eta 21-12), euskaldunentzako zidarrezko domina itxita. Atzen finala gizonezkoen binakakoa izan zan. Lur Ziarrusta eta Mikel Beldarrain urten ziran garaile (21-19 eta 21-12), Luke Thomson eta Christian Blackaby britainiarren kontra.

 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!