energia

800 alegazino Mandoiako Feroskana proiektu eolikoaren kontra

Asier Abrisketa 2025ko eka. 25a, 10:34

Mandoia Bizirik plataformearen inguruan koordinauta informazino faltan, ingurumen inpaktuan eta kalte sozialean oinarritu ditue aurkeztu diran alegazinoak.

Mandoia Bizirik plataformeak komunikadu batean azaldu dauanez Arantzazu, Bedia, Igorre, Lemoa, Usansolo eta Zeberioko instituzino, talde eragile eta herritarrek 800 alegazino inguru aurkeztu ditue Bizkaiko Industria Administrazinoren Bilboko Ordezkaritzan, Feroskana "makroproiektu" eolikoaren kontra. Izan be, Ferosca Wind (Delta Power) enpreseak 27MW ekoizteko parke eolikoa eregi gura dau Mandoian, 200 metroko sei aerosorgailukoa.

Mandoia Bizirik plataformea Zeberioko Austarri, Arantzazuko Arginatx, Lemoako Ganzabal eta Usansoloko Burtotza mendi taldeek, Arratia Zutunik kolektiboak, Igorreko Kiñu Gaztetxeak eta Makatzak Arratiko Ekologistak-ek osotuten dabe. Komunikaduan azaldu dabe, alegazinoak, besteak beste, informazino faltan, ingurumen inpaktuan eta kalte sozialean oinarritu dabezala.

Izan be, kaltetutako udal gehienek, Zeberio salbu, ezdabe jaso proiektuaren gaineko informazinorik eta enpresearen Ingurumen Inpaktuaren Azterketan ez dira kontuan hartzean udalerri honeetako etxeetara dagozan distantzia txikiak. Besteak beste, "ez ditu barnean hartu Igorreko herri handiak, 4.000 biztanletik gorakoa, 1,5 kilometrora baino ez dagoana". Holan, Arantzazu eta Usansoloko auzo batzuk be ez dira kontuan hartu proiektuan. Gainera, plataformatik salatuten dabe proiektua eta Energia Barriztagarrien LAPa "bateraezina" dala: "Ez dago ez baliabide eoliko egokia daukien eremun artean, ez hautatutako kokapen eremuen artean. Beste alde batetik, kontuan hartzekoa da Mandoia oso mendi erabilia dala inguruko herritarrentzako, besteak beste, kirol eta aisi-gune moduan zein abeltzaintza gune moduan.

Sai zuriaren garrantzia

Ingurumen inpaktu larria eragingo ei eban proiektuak eta epaitegietan proiektua bertan behera ixteko aukerak dagoz, berbarako, berton sai zuriak, sai arreak eta okil baltzak dagozalako. Aurten, Artzentales-Sopuerta proiektu eolikoa bertan behera gelditu da, bertatik sai zuria (alimotxea) pasetan dalako. Kontuan hartzekoa da, hegaztin horreentzako Gueñes-Itsaso autopista elektrikoak daborduko eragin dauan kaltea. Espezie honeetan bakarrik ez, fauna guztia ikusiko zan eraginda. Izan be, Mandoia eta ingurua Urkiola, Gorbeia eta Ganekogorta arteko korridore naturala da eta gainera, Natura 2000 Sarearen parte.

 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!