Andrazkoen Arratia A taldeak Bigarren RFEF mailara igotea eukan jokoan, aurreko astegoienean Igorren husna bardindu ostean aukerak eukazan Igorreko taldeak baina ezin izan eban partidua irabazi.
Gizonezkoen Arratia A taldeak domeka eguerdian jokatu eban Iturrigorri A taldearen kontra etxetik kanpo eta 3-2 galdu eban. Arratiarrak aurreratu ziran lehen zatiko bosgorran minutuan Markel Lejarretan igorreztarraren gol bateri esker baina lehen zatia amaitu orduko 2-1 ipini ziran markagailuan etxekoak. Bigarren zatia hasi eta segiduan bardintzea lortu eben arratiarrek Edorta Ormazabal billaroztarraren golari esker baina 75. minutuan etxekoek barriro aurrea hartu eta 3-2 amaitu zan partidua. 33 jardunaldiren ostean eta ligea amaituteko bakarraren faltan 53 puntu ditu Arratia Ak eta seigarren postuan dago. Ligako atzen partidua Urbietan jokatuko dau Arratia Ak Basurto A taldearen kontra hilaren 24-25eko astegoienean.
Gizonezkoen Arratia B taldeak domeka arrastian jokatu eban etxetik kanpo Atxulaur A taldearen kontra eta 2-1 galdu eban. Arratiarrak 1-0 galtzean heldu ziran atsedenaldira. Bigarren zatian arratiarrek partidua bardindutea lortu eben Aimar Iturrondobeitia dimoztarraren golari esker, baina orozkoarrek 2 eta 1ekoa sartu eben 69. minutuan. 33 jardunaldiren ostean 39 puntu ditu Arratia Bk eta hamahirugarren postuan dago. Datorren partiduan Arratia B eta Lemoako Harrobi taldeen arteko derbia jokatuko da Igorren ligako atzen partiduan. Norgehiagokea hilaren 24an, arrastiko 16:00etan jokatuko da Urbietan.
Lemoako Harrobi
Zapatu arrastian jokatu eban Lemoako taldeak Arlonagusian Etxebarri A taldearen kontra eta 3-2 irabazi eban. Kanpokoak aurreratu ziran 0-1 30. minutuan eta holan heldu zan partidua atsedenaldira. Bigarren zatian ostera Lemoako Harrobik bardinketea lortu eban 61. minutuan Unai Arizabaletaren golari esker eta 86. minutuan aurretik ipini zan etxeko taldea Unai Zuluetak sartutako golagaz. Minutu bat pasau eta kanpoztarrek bardintzea lortu eben eta arauzko denpora betetako minutua baino falta ez zanean Oier Zalduegik 3-2koa ipini eban markagailuan. 33 jardunaldiren ostean 42 puntu ditu Lemoako Harrobik eta hamaikagarren postuan dago. Datorren partiduan derbia jokatuko dau Igorren Arratia B taldearen kontra hilaren 24an, arrastiko 16:00etan.
Zapatuko partidua dala-ta “Lemoako Harrobiren historiaren parte diran jokalari biri agur esango deutsegu” adierazo eban Lemoako Harrobi taldeak sare sozialetan. “Cuadra eta Artetxe hamar urtez egon dira gure koloreak konpromisoz, umiltasunez eta bihotzez defendatzen, baina agur esateko ordua heldu da. Erreferente izan dira zelai barruan zein kanpoan; eredugarriak gazteentzat eta harrotasun iturri klub osoarentzat. Bide barri bateri ekingo deutsie, baina familia honen parte izango dira beti. Eskerrik asko, eta zorte on, lagunak!” gehitu eben. Partiduan jokalari biei omenaldi hunkigarria egin eutsien.
Jubenilen Arratia A eta Lemoako Harrobi txapeldun
Gizonezkoen Jubenil mailako Arratia Ak Nazional Mailara igotea lortu eban matematikoki aprilaren 12an. Domeka arrastian ostera Antiguoko taldeagaz bana bardindu ostean lehen postuan amaitu dau ligea. Hau hirugarren urtea da arratiarrek mailaz igoten dabena, kasu gitxi egongo dira hau lortu dabenak. Gainera jokalari honeetako askok Kadete mailako atzen urtean be igotea lortu eben.
Lemoako Harrobiko jubenilen mailako A taldeak be maiatzaren 10ean amaitu eban ligea eta txapeldun izan da. Lehentasunezko Mailan jokatuko dau datorren denporaldian.