Andrazkoen Arratia A taldeak domeka goizean jokatu eban Bigarren RFEF mailara igoteko promozinoko lehen partidua AEM Lleida B taldearen kontra Igorren eta partidua bardinketeagaz amaitu ostean Lleidan ebatziko da datorren astegoienean nok igongo dauan. "Partidu gogorra izan da. Eurak hasikeran intentsidade handiagaz egon dira eta gu desordenauta egon gara presinoan batez be. Baina hoberantza egin dogu eta lehenengo zatia hobeto amaitu dogu. Bigarren zatian aurretik ipinteko aukera batzuk euki doguz. Denpora gehiena euren zelaian egon gara presinoa oso ondo egin dogulako eta arrisku asko sortu dogu bandetatik. Oin Lleidara joatea toketan jaku. Intentsidade handiko partidua espero dogu, gainera zelaia txikia da eta eurak dueluetan gogorrak dira. Ilusino handiagaz gagoz eta gogor burrukatuko dogu igoerea lortzeako. Konfiantzaz gagoz eta oin arte egindako esfortzuak eta lanak oparia ekarriko dauala argi daukagu" adierazo eutsan BEGITUri Nerea Beitia arratiarren kapitainak. Bueltako partidua hilaren 18an, domekea, jokatuko da eguerdiko 12:00etan Lleidan Recasens zelaian.
Andrazkoen Arratia B taldeak zapatu arrastian jokatu eban Urbietan ligako atzen partidua Indartsu taldearen kontra eta bana bardindu eban. Kanpotarrak aurreratu ziran bigarren zatia hasi eta segiduan; arratiarrek 67. minutuan bardintzea lortu eben Uxue Aurtenetxek sartutako golari esker. 26 jardunaldiren ostean 42 puntu eskuratu ditu Arratia Bk eta bosgarren postuan amaitu dau ligea.
Gizonezkoen Arratia A taldeak zapatu arrastian jokatu eban Urbietan Gernika Sporting A taldearen kontra eta 0-1 galdu eban. Arratiak zortzi partidu eroiazan galdu barik eta porrot honen ostean gatx dauka igoerea lortu ahal izatea. 32 jardunaldiren ostean eta ligea amaitzeko partidu biren faltan 53 puntu ditu Arratia Ak eta bosgarren postuan dago sailkapenean. Datorren partidua etxetik kanpo jokatuko dau hirugarren postuan dagoan Iturrigorri A taldearen kontra hilaren 18an, goizeko 11:30ean.
Gizonezkoen Arratia B taldeak zapatu eguerdian jokatu eban Urbietan Montefuerte A taldearen kontra eta 2-1 irabazi eban. 1-0 aurreratu ziran arratiarrak lehen zatian Jokin Romerok 44. minutuan sartutako golari esker; bigarren zatian Iker Olibares zeanuriztarrak bi eta hutsekoa sartu eban 75. minutuan eta kanpotarrek 89. minutuan sartu eben bi eta batekoa. 32 jardunaldiren ostean eta ligea amaitzeko partidu biren faltan 39 puntu ditu Arratia Bk eta hamahirugarren postuan dago sailkapenean. Datorren partidua etxetik kanpo jokatuko dau Orozkon Atxulaur A taldearen kontra hilaren 18an, arrastiko 18:30ean.
Lemoako Harrobi
Lemoako taldeak zapatu arrastian jokatu eban Arlonagusian Atxulaur A taldearen kontra eta 2-1 irabazi eban. Bigarren zati hasikeran kanpotarrak aurreratu ziran arren Iker Artetxek 53. minutuan eta Hasier Cuadrak 72. minutuan sartutako golek garaipena emon eutsan etxeko taldeari. 32 jardunaldiren ostean eta ligea amaitzeko partidu biren faltan 39 puntu ditu Lemoako Harrobik eta hamaikagarren postuan dago sailkapenean. Datorren partidua etxean jokatuko dau Etxebarri A taldearen kontra hilaren 17an, arrastiko 17:30ean.
Lemoako Harrobiren Udako Kanpusa
Lemoako Harrobik Udako Kanpusa antolatu dau bagilerako eta izen-emotea zabalik dago. Kanpusa 2012tik 2019ra bitartean, biak barne, jaiotako ume eta gazteentzat da eta izena 690 190 738 telefonoan (Eneko Etxebarria) edo eneko.coordinador@gmail.com helbidean emon behar da. Kanpusa bagilaren 23tik 27ra eta bagilaren 30etik garagarrilaren 4ra izango da eta izena aste beterako (100 euro) hamaiketakoa eta kamisetea barne edo birako (180 euro) emon daiteke. Bertaratutakoek teknifikazinoa, ugerlekura joan, kirolanitza eta jolasak egingo dabez. Ordutegia 09:00etatik 14:00etara izango da.