FUTBOLA

Andrazkoen Arratia A taldeak Bigarren Federazinora igoteko promozinoa jokatuko dau

Erredakzinoa 2025ko mai. 5a, 08:59

Arratiako jokalariak eta talde teknikoa promozinoa ospatzen.

Andrazkoen Arratia A taldeak igoera promozinoa jokatuko dau ligako atzen partiduan Tolosa taldeari 3-0 irabazi ostean. Arratiarrek igoerea zuzenean lortzeko aukera eukien baina ez ziran emon arratiarrek behar ebezan emaitzak.

Andrazkoen Arratia A taldeak 3-0 irabazi eban Tolosa taldearen kontra joandako domeka eguerdian jokatutako partiduan. Hiru golak lehen zatian heldu ziran eta Itsaso Kumik, Irati Artaraz beidaztarrak eta Nerea Izagirrek sartu ebezan. Arratia taldeak deialdia egin eban jentea Urbietara joan daiten eta erantzuna ona izan zan, sarrerea doban izan zan. Ligea amaituta laugarren postuan gelditu da Arratia A 59 puntugaz eta Athletic C taldea ezin dan lez igon, promozinoa jokatzea ahalbidetzen deutsa arratiarrei. Promozinoa noz eta noren kontra jokatuko daben zehaztu barik dago oindino. Partidu ostean BEGITU Nerea Beitia arratiarren kapinainagaz egon zan eta hauxe adierazo eban: “Denporaldiko balorazinoa oso ona da, penea igoera zuzena ez lortutea baina lortu doguna historikoa da. Lan asko egin dogu hau lortuteko eta ilusino handiagaz gagoz datorrenerako. Partiduan asko disfrutau dogu, lehenengo zatian batez be. Gainera jente asko animetan etorri da eta horrek asko lagundu deusku. Bigarren zatian erritmoa bajatu dogu baina aukera argirik euki ez arren atea hutsean ixtea lortu dogu. Oin bai, azken txanpa daukagu eta gogorra izango dala argi daukagu. Ez gara egon inoz igoera promozino baten baina esperientzia barria izan arren gogoakaz eta motibauta gagoz”.

Andrazkoen Arratia B taldeak maiatzaren 1eko eguerdian jokatu eban etxetik kanpo Ibaiondo-Nerbioi taldearen kontra eta 3-2 galdu eban. Arratiarrak 0-1 aurreratu ziran 6. minutuan aurkariak euren atean sartutako gol bateri esker eta 36. Minutuan Alaitz Zelestino pitxitxi dimoztarrak sartu eban bigarrena. Bigarren zatian ostera etxekoek emaitzari bueltea emon eta 3-2 galdu eben arratiarrek. 26 jardunaldiren ostean 41 puntu ditu Arratia Bk eta bosgarren postuan dago. Ligako atzen partidua Urbietan jokatuko dau Arratia Bk Indartu taldearen kontra hilaren 10ean, arrastiko 15:30ean.

Gizonezkoen Arratia A taldeak maiatzaren 1eko goizean jokatu eban etxetik kanpo Galea A taldearen kontra eta 1-4 irabazi eban. Arratiarrak 1 eta 3koagaz heldu ziran atsedenaldira Jon Ordeñanak seigarren minutuan, Ekain Garaizar dimoztarrak 10. minutuan eta barriro Ordeñanak 25. minutuan sartutako golei esker. Mikel Zabala igorreztarrak biribildu eban emaitza bigarren zatian laugarren gola sartuta. 31 jardunaldiren ostean 51 puntu ditu Arratia Ak eta igoera postuetatik lau puntura dago ligea amaituteko hiru partiduren faltan. Datorren partidua Urbietan jokatuko dau Gernika Sporting A taldearen kontra hilaren 10ean, arrastiko 18:00etan.

Gizonezkoen Arratia B taldeak domeka arrastian jokatu eban etxetik kanpo Ermua A taldearen kontra eta 0-1 aurreratu baziran be 2-1 galdu eban. 31 jardunaldiren ostean 36 puntu ditu Arratia Bk eta hamahirugarren postuan dago. Datorren partidua Urbietan jokatuko dau Montefuerte A taldearen kontra hilaren 10ean, eguerdiko 13:00etan.

Lemoako Harrobi
Lemoako Harrobik maatzaren 1eko goizean jokatu eban etxetik kanpo Montefuerte A taldearen kontra eta 2-4 irabazi eban. Atsedenaldira 1-3 heldu ziran Iker Artetxek 20. minutuan, etxekoek 26.enean, Jon Amurizak 42. minutuan eta Aimar Larreak 44.enean sartutako golei esker. Bigarren zatiko 53. minutuan sartu eban Larreak bere bigarren gola eta lemoaztarren laugarrena eta handik minutu batera etxekoek 2 eta 4koa sartu eben. 31 jardunaldiren ostean 36 puntu ditu Lemoako Harrobik eta hamabigarren postuan dago. Datorren partidua Arlonagusian jokatuko dau Orozkoko Atxulaur A taldearen kontra hilaren 10ean, arrastiko 17:30ean.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!