FUTBOLA

Maiatzaren 4an jakingo da andrazkoen Arratia A taldeak mailaz igoten dauan edo promozinoa jokatzen dauan

Erredakzinoa 2025ko api. 28a, 09:01

Gizonezkoen Arratia A eta Zaldua Aren arteko partidua.

Andrazkoen Arratia A taldeak zuzenean mailaz igoteko irabazi egin behar dau domekan, maiatzak 4, Urbietan Tolosa taldearen kontra jokatuko dan ligako atzen partiduan eta Burgosek Athletic C taldearen kontra bardintzea edo galtzea behar dau. Beste emaitza batek ez leuskio zuzenean igoteko aukerarik emongo baina promozinoa jokatu leike emoten diran emaitzen arabera. Gizonezkoen Arratia A taldea ostera, laugarren postuan dago igoeratik lau puntura ligea amaitzeko lau partiduren faltan.

Andrazkoen Arratia A taldeak domeka eguerdian jokatu eban Mulier talde nafarraren kontra etxetik kanpo eta 1-0 galdu eban. Partidu oso garrantzitsua zan arratiarrentzat bertan irabazteak aukera handiak emoten eutsazalako mailaz zuzenean igoteko. Arratia A laugarren postuan dago eta postu horrek, Athletic C taldeak ezin daualako igon, igoera promozinoa jokatzeko auekerea emoten deutsa. Dana ebatziko da datorren astegoienean jokatuko dan atzen jardunaldian, Arratia Ak Tolosa hartuko dau Urbietan, maiatzaren 4an, eguerdiko 12:00etan. Arratiak irabazi ezkero eta Athletic Cren kontra hirugarren postuan dagoan Burgos taldeak bardindu edo galdu, Arratiak zuzenean igongo leuke mailaz. Burgosek, Arratiak eta Alaves B taldeek jokoan daukie igoerea, promozinoa jokatzea edo balizko promozino bat jokatzea.

Andrazkoen Arratia B taldeak domeka eguerdian jokatu eban Urbietan Ariz taldearen kontra eta bina bardindu eban. 7. minutuan kanpotarrak aurreratu ziran markagailuan, baina Uxue Aurtenetxek banakoa sartu eban 33. minutuan. Bigarren zatian Naiara Jovek sartutako penalti batek aurreratu ebazan arratiarrak, baina partiduaren 82. minutuan Basaurikoen bardinketea heldu zan. 24 jardunaldiren ostean 41 puntu ditu Arratia Bk eta bosgarren postuan dago. Datorren partidua Ibaiondo-Nerbioi A taldearen kontra jokatuko dau etxetik kanpo maiatzaren 1ean, eguerdiko 13:00etan.

Zapatu arrastian jokatu eban gizonezkoen Arratia A taldeak Urbietan Zaldua A taldearen kontra eta atsedenaldira banakoagaz heldu baziran be 5-1 irabazi eban Igorreko taldeak. Galtzean hasi zan etxeko taldea Zaldua Ak 36. minutuan sartutako golagaitik baina sei minutura Jon Ordeñanak bardinketea lortu eban. Bigarren zatian arratiarrek aurrea hartu eben Oier Arrizabalaga igorreztarrak sartutako golari esker, hurrengo gol biak Ekain Garaizar dimoztarrak sartu ebazan eta atzen gola Anton Iza dimoztarrak sartu eban. 30 jardunaldiren ostean eta ligea amaituteko lau jardunaldiren faltan 50 puntu ditu Arratia Ak eta laugarren postuan dago, igoera postuetan dagoan Iturrigorri A taldearengandik 4 puntura. Datorren partidua etxetik kanpo jokatuko dau Galea A taldearen kontra maiatzaren 1ean, goizeko 11:00etan.

Domeka arrastian jokatu eban gizonezkoen Arratia B taldeak Urbietan eta 0-1 galdu eban Moraza A taldearen kontra. Gola 13. minutuan sartu eben kanpotarrek. 30 jardunaldiren ostean 36 puntu ditu Arratia Bk eta hamabigarren postuan dago sailkapenean. Datorren partidua etxetik kanpo jokatuko dau Ermua A taldearen kontra maiatzaren 4an, arrastiko 16:15ean.

Lemoako Harrobi
Domeka arrastian jokatu eban Lemoako Harrobi taldeak Arlonagusian eta 1-2 galdu eban Ermua A taldearen kontra. Kanpotarren golak 29. eta 45. minutuan heldu ziran; lemoaztarrek aldea txikitu eben partiduko 87. minutuan Julen Fernandezek sartutako golari esker. 30 jardunaldiren ostean 33 puntu ditu Lemoako taldeak eta hamahirugarren postuan dago sailkapenean. Datorren partidua etxetik kanpo jokatuko dau Montefuerte A taldearen kontra maiatzaren 1ean, 11:45ean. 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!