errugbia

Atzen partidua irabazita amaitu dau ligea Arratiko Zekorrak taldeak

Asier Abrisketa 2025ko api. 15a, 09:00

Gipuzkoa Sortzen taldeari 40-17 irabazi ostean, zekorrek postu bi igon eta zazpigarren postuan amaitu dabe 2024-2025 ligea.

Zapatuan jokatu zan Euskal Liga Senior 2. maila errugbi ligako atzen jardunaldia eta Ekin Eraikuntzak Arratiko Zekorrak taldeak Gesalaga Okelan Gipuzkoa Sortzen taldea hartu eben San Txisme zelaian. Ligan atzenak ez amaituteko beharrezkoa eukien arratiarrek garaipena eta holan egin eben, 40-17 irabazita. Holan, Uribealdea Mungia taldea aurreratu eta Gipuzkoa Sortzen taldeagaz bardinduta, puntu aldeari esker aurrera egin eta zazpigarren postuan amaitu ahal izan dabe.

Zapatuko partidua, Imanol Iriondo jokalariaren esanetan, txarto hasi zan zekorrentzako: "Aurkariak hamahiru ziralako konfiauta edo guztiz lo, hainbat akats egin genduzan eta eurek gogor jokatu eben". Halanda be, lehenengo zatia irabazten, baina alde txikiagaz amaitu eben arratiarrek, 21-17. Bigarren zatian barriz, "baloia kanpora jokatuteko" estrategiagaz urten ziran zekorrak eta emoitzea izan eban: "Ez ziran gu segiduteko kapaz eta hamairu bakarrik egonda, igarten da". Holan, puntuz puntu aurrera egin eta garaipen erosoa eskuratu eben.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!