FUTBOLA

Andrazkoen Arratia A taldea igoera promozino postuetan dago

Erredakzinoa 2025ko api. 14a, 08:46

Zornotzan jokatutako Amorebieta B eta Arratia Aren arteko partidua.

Atzen jardunaldian Santandergo Racing B taldeari 0-5 irabazi ostean andrazkoen Arratia A taldea hirugarren postuan kokatu da. Gizonezkoen Arratia Ak bigarren postuan dagoan Amorebieta Bri 0-2 irabazi eutsan etxetik kanpo eta igoteko postuetatik 4 puntura kokatu da. Andrazkoen Arratia Bk 4-1 irabazi eban etxean Uritarra taldearen kontra. Gizonezkoen Arratia Bk bana bardindu eban atzen postuan dagoan Berriatukoren kontra eta Lemoako Harrobik 1-0 galdu eban etxetik kanpo Moraza A taldearen kontra.

Andrazkoen Arratia A taldeak domeka eguerdian jokatu eban Santanderren atzen postuan dagoan Racing B taldearen kontra eta 0-5 irabazi eban. Lehen gola Irati Artaraz bediaztarrak sartu eban 8. minutuan, bigarrena, Lucia Pascualek 29. minutuan eta atsedenaldira heldu orduko 0 eta 3koa sartu eban Irune Egigurenek. Bigarren zatiko 52. minutuan Nerea Izagirrek laugarrena egin eban eta Amaia Alzagak 55. minutuan bosgarrena. 27 jardunaldiren ostean eta ligea amaituteko hiru partiduren faltan 53 puntu ditu Arratia Ak eta hirugarren postuan dago, eta zuzenean igotea dakarren bigarren postuan dagoan Athletic C puntu bira dauka. Hirugarren postuak igoera promozinoa jokatuteko aukerea emoten deutsa Igorreko taldeari. Datorren partidua Urbietan jokatuko dau Oiartzun taldearen kontra hilaren 19an, goizeko 11:30ean.

Andrazkoen Arratia B taldeak zapatu arrastian jokatu eban Urbietan Uritarra taldearen kontra eta 4-1 irabazi eban. Lehen gola bigarren minutuan heldu zan Naiara Jovek penaltiz sartutako golari esker, bigarrena 28 golegaz kategoriako pitxitxia dan Alaitz Zelestino dimoztarrak sartu eban 42. minutuan. Bigarren zatian beste hiru gol sartu ziran, Ahantzi Garciak sartu eban arratiarren hirugarrena atezainaren huts bateri esker, Larrabetzukoek penaltiz 3 eta 1ekoa sartu eben eta Jovek egin eban laugarren gola. 23 jardunaldiren ostean 40 puntu ditu Arratia Bk eta bosgarren postuan dago. Datorren partidua hilaren 26-27ko astegoienean jokatuko dau Urbietan Ariz taldearen kontra.

Gizonezkoen Arratia A taldeak zapatu arrastian jokatu eban Zornotzan bigarren postuan dagoan Amorebieta B taldearen kontra eta 0-2 irabazi eban. Golak bigarren zatian heldu ziran, Ekain Garaizar dimoztarrak sartu eban lehenengoa eta Xabier Orbe igorreztarrak bigarrena. Arratiak atzen 6 jardunaldiak daroaz galdu barik eta 29 jardunaldiren ostean seigarren postuan dago 47 puntugaz. Datorren partidua hilaren 26-27ko astegoienean jokatuko dau Urbietan Zaldua A taldearen kontra.

Gizonezkoen Arratia B taldeak zapatu arrastian jokatu eban etxetik kanpo atzen postuan dagoan Berriatuko taldearen kontra eta bana bardindu eban. Arratia 0-1 heldu zan atsedenaldira Ibon Agirretxe igorreztarrak lortutako golari esker baina bigarren zatian bardinketea lortu eban etxeko taldeak. Emaitza txarra arratiarrentzat kontuan hartuta etxekoak jokalari bat gitxiagogaz gelditu zirala 15. minutuan. 29 jardunaldiren ostean 36 puntu ditu Arratia Bk eta hamabigarren postuan dago. Datorren partidua hilaren 26-27ko astegoienean jokatuko dau Urbietan Moraza A taldearen kontra.

Lemoako Harrobi
Lemoako Harrobik domeka goizean jokatu eban Moraza A taldearen kontra etxetik kanpo eta 1-0 galdu eban. 29 jardunaldiren ostean 33 puntu ditu Lemoako Harrobik eta hamahirugarren postuan dago. Datorren partidua hilaren 26-27ko astegoienean jokatuko dau Arlonagusian Ermua A taldearen kontra.

Euskal Ligako gizonezkoen jubenilen Arratia A taldeak matematikoki mailaz igotea lortu dau 
Gizonezkoen Arratia A taldeak Nazional Mailara igotea lortu dau. Zapatuan Urbietan jokatutako partidua galdu eban arren mailaz igon dau. Gogoratu urte bitan jarraian igon dala taldea mailaz eta hau hirugarren urtea dala mailaz igotea lortzean dauana, kasu gitxi egongo dira hau lortu dabenak. Gainera jokalari honeetako askok Kadete mailako atzen urtean be igotea lortu eben.

Arratia eta Lemoako Harrobin izen-emoteak
2025-2026 denporaldirako izen-emotea zabalik dauka Arratia futbol taldeak maiatzaren 30era arte. Futbol eskolea (2018, 2019 eta 2020), Benjamin, Alebin, Infantil, Kadete eta Jubenil kategorietan emon daiteke izena. Horretarako klubeko bulegora jo behar da ordutegi honetan: astelehen eta martitzenetan 10:00etatik 12:00etara eta eguazten, eguen eta barikuetan 16:00etatik 18:00etara edo cdarratia@cdarratia.com helbidera mezua bialdu behar da. Informazino gehiago gura izan ezkero 747 452 538 edo 94 631 57 04 telefonoetara jo behar da.

Lemoako Harrobik be 2025-2026 denporaldirako izen-emotea zabalik dauka. Futbol eskolea (2018, 2019 eta 2020), Benjamin, Alebin, Infantil, Kadete eta Jubenil kategorietan emon daiteke izena. Horretarako labur.eus/lemoakoharrobi helbidean sartu eta bertan agertzen dan formulario bete behar da, ostean taldeko arduradunak hartu-emonetan ipiniko dira izena emon dauanagaz. Informazino gehiago gura izan ezkero 690 190 738 telefonora jo behar da whatsapp bidez.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!