Oingo zapatua, hilak 29, gaztetxez gaztetxe ibilteko eguna izango da gazte, eta ez hain gazte, arratiar askorentzako, eskualdeko hiru gaztetxeetan dagoz eta ekintzak antolatuta. Goizez, Igorreko Kiñu Gaztetxean okupazinoaren inguruko lanketea egiteko ekintza bi dagoz. Arrastiz, karta-jokoak egongo dira Lemoako Karabie Gaztetxean eta gauez, Arratiako musika taldeen kontzertuak egongo dira Areatzako Laminetxe Gaztetxean.
Kiñu Gaztetxean, Marti Autogestionaue egitarauko atzen ekintzea egingo da zapatuan, 11:00etatik aurrera. Batetik, zerrail aldaketa tailerra egingo da, ateetako zerrailak behar dan moduan aldatuten ikasteko aukerea izango da. Bestetik, AZET Etxebizitza Sindikatuaren, Kranba konpartsaren eta Bilboko Okupazio Bulegoaren Hamaika arrazoi okupatzeko liburuxkearen aurkezpena egingo da.
Arrastian ostera, Karabie Gaztetxeko I. Mus Txapelketea jokatuko da Lemoan. Bikoteak 16:30ean bertaratu beharko dira izena emoteko eta jokoa, 17:00etan hasiko da. Parte hartu gura baina musean jokatuten ez dakienentzako, ikastarotxo bat be egingo da gaur, hilak 27, 18:30ean.
Areatzako Laminetxe Gaztetxean barriz, 21:30ean hasiko da mobimentua. Izan be, Arratieko Gaue jaialditxoa dago antolatuta. Arratiako hiru talde igongo dira oholtzara: Arean, Suger eta Galazota. Gauari amaierea emoteko, MJ Agata La Gatak hartuko dau musikearen agintea.