Andrazkoen Arratia A taldeak partidu garrantzitsua jokatu eban zapatu eguerdian Lezaman Athletic C taldearen kontra eta 1-4 irabazi eban. Athletic aurreratu zan markagailuan seigarren minutuan baina hiru minutura bardintzea lortu eban Arratiak Irati Artaraz taldeko pitxitxi bediaztarrak sartutako golari esker. Itsaso Kumik 1-2koa ipini eban 19. minutuan eta holan heldu zan partidua atsedenaldira. Bigarren zatian Artarazek barriro 82. minutuan eta Amaia Altzagak partidua amaitzeko gitxiren faltan sartu ebezan golak. 25 partidu jokatu ostean 50 puntu ditu Arratia Ak eta laugarren postuan dago sailkapenean hirugarren dagoan Alaves B taldeagaz bardinduta. Postu honek balizko igoera promozinoa jokatzeko aukerea emoten dautsa. Bizkerre liderra 4 puntura dauka eta bigarren postuan dagoan Athletic C puntu bira. Datorren partidua Urbietan jokatuko dau Añorga taldearen kontra hilaren 29an, arrastiko 15:30ean.
BEGITU denporaldi honetan 11 gol sartu dauzan Irati Artaraz bediaztarragaz egon da eta hauxe adierazo dau: “Athletic-en kontrako partidua oso inportantea zan goiko postuetan jarraituteko eta igoera promozinoagaitik burrukatuteko eta horregaitik aste osoan euki dogu buruan sartuta irabazi behar gendula, jakinda Athletic talde gogorra dala eta partidua Lezaman jokatuten genduala” adierazo eban. “Partiduari jagokonez seigarren minutuan espero ez genduan kontraeraso arin baten ostean euren gola etorri zan, halanda be guk geure lanagaz segidu eta hiru minutu beranduago nire gola etorri zan. Bardinketea lortu ostean gu hobeto ibili ginan eta Kumiren gola heldu zan. Bigarren zatian euren jokalari bat txartel gorriagaz kanporatu eben eta partidua gure alde ipini bazan be eurak izan ziran partiduaren jaube eta gu atzean sartuta egon ginan. Holan gure aukera handienak kontraerasoan heldu ziran eta holan sartu neban nik hirugarrena eta Altzagak laugarrena. Itzelezko poztasunagaz Igorrera hiru puntu gehiagogaz bueltau ginan”.
“Denporaldia laburbilduz aurten talde moduan gorabeherak euki doguz eta lehenengo bueltan oso ondo ibili ginan eta laugarren postuan amaitu genduan, baina behin bigarrena hasi zanean lesino garrantzitsu batzuren ostean nahiko txarto ibili ginan joko aldetik eta emaitza aldetik euki genduzan lau partidu nahiko txarto joan jakuzanak, baina behin hori pasauta atzen lau partiduak irabazi doguz eta oin topera gabiz eta ligako atzen bost partiduak gogoakaz hartuko doguz igoereagaitik burrukatuteko”.
“Nire partetik inoz egin dodan denporaldi onena egiten nabil, entrenatzailearen konfiantza osoagaz, ni be ondo ikusi naz eta minutu asko eukiten zabizanean eta gainera ondo olgetan eta entrenetan zabizanean konfiantzea be gorantza doa. Nik betidanik normalean zelai erdian jokatu izan dot baina aurten beste batzuen lesinoak eta taldeko jokalarien ezaugarriak ikusita bandako postuetan olgau dot gehiago eta zelaian aurreago egoteak lagundu deusta gol askoz gehiago egiten. Inoz ez neban esango 11 gol egingo nebazanik eta oindino bost partidu faltata, ligako pitxitxien artean egongo nintzanik be inoz ez neban esango” gehitu dau.
Andrazkoen Arratia B taldeak domeka arrastian jokatu eban etxetik kanpo Ugeraga taldearen kontra eta 1-4 irabazi eban. Lehen gola Irati Aginagak sartu eban 7. minutuan eta Uxue Aurtenetxek bigarrena 37. minutuan. Bigarren zatian heldu ziran beste gol biak, Irati Aginagak egin eban huts eta hirukoa eta Naroa Quintanilla igorreztarrak sartu eban laugarrena, etxekoen gola 65. minutuan heldu zan. 21 jardunaldiren ostean 34 puntu ditu Arratia Bk eta bosgarren postuan dago. Datorren partidua Urbietan jokatuko dau Derio A taldearen kontra hilaren 30ean, eguerdiko 13:30ean.
Gizonezkoen Arratia A taldeak zapatu arrastian jokatu eban etxetik kanpo Sondika A taldearen kontra eta 0-2 irabazi eban. Golak bigarren zati hasikeran heldu ziran eta Jon Ordeñanak sartu zituan biak. 26 jardunaldiren ostean 40 puntu ditu Arratia Ak eta zazpigarren postuan dago. Datorren partidua Urbietan jokatuko dau Mungia A taldearen kontra hilaren 29an, arrastiko 18:00etan.
Gizonezkoen Arratia B taldeak zapatu arrastian jokatu eban etxean Ezkurdi A taldearen kontra eta 1-0 irabazi eban. Gola Ibon Agirretxe igorreztarrak sartu eban bigarren zatiko 79. minutuan. 26 partidu jokatuta Arratia B hamabigarren postuan dago 32 puntugaz. Datorren partidua etxetik kanpo jokatuko dau Loiu A taldearen kontra hilaren 29an, arrastiko 17:00etan.
Lemoako Harrobi
Lemoako Harrobik zapatu arrastian jokatu eban Arlonagusian Loiu A taldearen kontra eta 2-0 irabazi eban. Lehen zatiko 42. minutuan sartu eban Oier Zalduegik lemoaztarren lehen gola eta Iker Bikandik ia partidu amaieran sartu eban bi eta hutsekoa. 26 jardunaldiren ostean 29 puntu ditu Lemoako Harrobik eta hamahirugarren postuan dago. Datorren partidua etxetik kanpo jokatuko dau Artibai taldearen kontra hilaren 29an, arrastiko 18:00etan.
Partidua Euskal Non League Day egunean jokatu zan. “Eguna badoa aurrera. Goizeko ekintzak primeran atera dira, grafiti murala, Euskaraldia, paella herrikoia eta Merhezi triki taldea!” adierazo eben Lemoako Harrobikoek sare sozialetan.
Egun osoan zehar, hainbat ekitaldi egon ziran, futbol partiduak, paella herrikoia eta Orkresta Elektrotxarangagaz kalejirea tartean.
“Euskal Non League Day, Athletic Club-ek oinarrizko futbolaren alde egindako ekimena da, ordezkatzen dituen klubek eta futbol hezitzaileek gizartean eta kirolean daukien garrantzia nabarmentzeko helburuagaz. Ekimen honek Athletic Club-en pertenentzia zentzua islatzen dau, baita harrobiagaz eta oinarrizko futbolagaz daukan lotura estua be" azaldu eutsan paperezko BEGITUren edizinoan Alazne Salcedo Lemoako Harrobi Futbol Klubeko presidenteak.
Egunean zehar bizitakoa eskertzeko “Zelan eskertu gaurkoa! Zelango herria dan Lemoa Zelango partaidetzea! Hori zan gure helburua eta lortu dogulakoan gagoz! Bihotzez mila esker! Herritik sortu zinalako…” adierazo eben sare sozialetan.