Ikama ikasle antolakundeak deituta, Hego Euskal Herriko ikasleak kalera aterako dira
martiaren 20an, Euskal Herrirako hezkuntza propio baten beharra aldarrikatuz. Abenduan ezagutzera eman eben Ikamaren proiektu politiko berria, Euskal Hezkuntza Sistema Publiko eta Komunitarioa hain zuzen, eta, orain, papereko aldarriak kaleko oihu bihurtzeko eguna hurbiltzen ari da.
Bi hilabete honeetan “Behar dogun hezkuntzarako, Independentzia” dinamikaren baitan lanean aritu dira, ikasleria borroka independentistara hurbiltzeko asmotan. Izan be, gaur gaurkoz Euskal Herriko hezkuntza sistemak Espainiar eta Frantziar estatuek inposatuak dirala eta haien interesak betetzen dituztela salatu dabe. Ikamak dinoanez, Euskal Herriaren beharrei erantzuteko hezkuntza lortu eta hezkuntza proiektu askatzailea eregiteko modua Euskal Hezkuntza Sistema Propioa erdiestea da, eta horretarako botere egitura nahikoa eskuratzeko Euskal Herriak independentzia behar dau.
Halanda be, hezkuntza propio baten eta independentziaren alde egitea aldarri hutsetik haratago doala argi utzi gura dabe; Euskal Herriak behar duen hezkuntza borrokatzeko mobilizauko dira “Hezkuntza bat Euskal Herrirako” aldarripean. Zapalkuntza ekonomiko, kultural eta politikorik gabeko hezkuntza bat izatea ezinbestekoa da, ikasketa prozesua baldintza duinetan egitea eskubide bat dalako. Aukera bardintasuna bermatzeko hezkuntza publikoa, doakoa eta ez-segregatzailea izan behar da eta baldintza material duinak eta kalitatezko zerbitzuak bermatu behar ditu. Eta horretarako, ikaslea erdigunea izateko, ikasleen partaidetza aktiboa eta kontzientzia kritikoa sustatzea ezinbestekoa izango da. Gainera, faxismoaren gorakadaren testuinguruan, borroka antifaxistak lehen lerroa hartu behar dauala dinoe, eta hori sistema kapitalista zisheteropatriarkala apurtzeko anbizioarekin lortzen dala: euskal hezkuntza antikapitalista, feminista eta euskalduna izango da, sistemarren erreprodukzioa eten egingo dauana.
Arratian, Igorreko Axular Herriko tabernan Behar dogun hezkuntzarako independentzia berbaldia egin zan. Martiaren 20an greba eguna izango dabe ikasleek, eta deialdia egin dabe 10:10etan Igorreko institutuko kanpoko atean Bilboko mobilizaziora joateko, 12:00tan Jesusen Bihotzetik hasiko dana.