Zapatu Arrastian jokatu eban andrazkoen Arratia A taldeak Urbietan UD Logroñes taldearen kontra eta 5-1 irabazi eban. Atsedenaldira 2-0 heldu ziran Irune Egigurenek eta Olatz Areitiok lehen ordu laurdenean sartutako golei esker. Bigarren zatian Irati Artaraz bediaztarrak, taldeko golegile nagusia 9 golegaz, sartu eban hirugarrena. Errioxarrek 3-1ekoa ipini eben markagailuan 70. minutuan baina Areitok bigarrenez eta Amaia Alzaga zelaira urten barriak sartutako golek 5 eta 1ekoa ipini eben markagailuan. 24 jardunaldiren ostean 47 puntu ditu Arratia Ak eta laugarren postuan dago, balizko igoera promozino postuetan. Partiduak zapore gazi-gozoa itxi eban halanda be, luzaroan eta oin dala ez askora arte min hartuta egondako Paule Monrealek barriro be min hartu ebalako eta ezin izan eban jarraitu jokatzen. Datorren partidua erabakigarria da bigarren postuan dagoan Athletic C taldearen kontra jokatuko dau-ta; emaitza ona atera ezkero, ligea lehen hiruren artean amaituteko burrukan sartuko dalako bete-betean Arratia. Partidua Lezaman jokatuko da hilaren 22an, eguerdiko 12:00etan.
Andrazkoen Arratia B taldeak atsedenaldia izan dau joandako astegoienean. 20 jardunaldiren ostean 31 puntu ditu Arratia Bk eta seigarren postuan dago. Datorren partidua Ugeraga taldearen kontra jokatuko dau etxetik kanpo hilaren 23an, arrastiko 18:00etan.
Gizonezkoen Arratia A taldeak zapatu arrastian jokatu eban Urbietan Elorrio A taldearen kontra eta 4-1 irabazi eban. Atsedenaldira 3-0 heldu ziran Ekain Garaizar dimoztarrak, kanpotarren jokalari batek bere atean eta Jon Ordeñanak sartutako golei esker. Bigarren zatian sartu eban Xabier Orbe igorreztarrak arratiarren laugarrena. 25 jardunaldiren ostean 34 puntu ditu Arratia Ak eta zortzigarren postuan dago. Datorren partidua etxetik kanpo jokatuko dau Sondika A taldearen kontra hilaren 22an, arrastiko 17:00etan.
Gizonezkoen Arratia B taldeak zapatu arrastian jokatu eban Usansolon Umore Ona A taldearen kontra eta 4-1 galdu eban. Arratiarren gola Ander Torres dimoztarrak sartu eban 90. minutuan. 24 jardunaldiren ostean 29 puntu ditu Arratia Bk eta hamabigarren postuan dago. Datorren partidua Urbietan jokatuko dau Ezkurdi A taldearen kontra hilaren 22an, arrastiko 17:30ean.
Lemoako Harrobi
Lemoako Harrobik zapatu arrastian jokatu eban Durangon Ezkurdi A taldearen kontra eta 2-0 galdu eban. 24 jardunaldiren ostean 26 puntu ditu Lemoako taldeak eta hamahirugarren postuan dago. Datorren partidua Arlonagusian jokatuko dau Loiu A taldearen kontra hilaren 22an, arrastiko 17:00etan.