Atzenaldian Lemoan eta gero Igorren gertatutako lapurreta kasuen ostean, mezu arrazista eta klasistak areagotu dirala salatuteko hainbat eragile batu ziran pasau dan astean Karabie Gaztetxean. Bertan batutako eragileek Arratieko Sare Antiarrazista sortu dabe jarrera horrei erantzun kolektiboa emoteko asmoagaz. Indar erakustaldi bat egiteko beharra ikusi dabe eta horretarako, martiaren 11n, 18:00etarako antolatu da agerraldia Lemoako Karabie Gaztetxean. "Beldurraren kulturearen aurrean, Arratia antiarrazista!" lelopean, manifestu bat irakurriko da. Horrezaz gain, manifestazinoa egingo da martiaren 21ean Igorren, 19:00etan, Errazakeriaren eta Xenofobiaren kontrako Nazinoarteko Eguna dala aprobetxauz.
Arratieko Sare Antiarrazistaren inguruan batutako eragileak Zaztaparrak, Zaplast, Karabie Gaztetxea, Ernai, Artea Sarea, Basoa, Laminetxe Gaztetxea, Ikama, Orratzak, Axular, Kiñu Gaztetxea, Makatzak, Kafrangak eta Eguzkiola dira eta agerraldian, banakakoen babesa be espero dabe. Salatu dabenez, jarrera errazista eta klasistak areagotu egin dira, hala nola: "Pintadak, pankartak, jazarpen poliziala, Lemoako Udalak zabaldutako mezu eta erabakiak...".
Holan, jarrera honeei bueltea emoteko lana luzerako dala onartu dabe baina oin, epe laburrean "erantzun potente bat" emoteko beharra ikusi da eta horretarako aprobetxauko da gaurko deialdia: "Arratiako herri mobimentuak kaleak hartu behar ditu". Horrezaz gainera, agerraldiaren ostean asanbladea egingo da, bide honetan lan egiten segiduteko.