Arratia, Ubide eta Zeberioko kultura agenda feminista martiaren 8aren inguruan

Bea Azpiri 2025ko mar. 6a, 13:03

Martiaren 8a batez be mobilizazino eguna bada be, aurreko eta osteko egunetan aldarrikapen feministez betetako agenda kulturala dogu Arratia, Ubide eta Zeberion. Zezeilaren amaieran hasi ziran jarduerok, Bedian, Igorren eta Zeanurin, zineforuma, berbaldiak eta ipuin kontaketeagaz.

Gaur, Andren Nazinoarteko Egunaren bezperan, hilak 7, Arantzazun umeentzako ipuin kontaketea egongo da, 18:30ean, presa ondoko ludotekan. Ipuinetatik jabekuntzarantz izeneko saioa eskainiko dau Itziar Saenz de Ojer-ek. Hezkidetzarako ipuinak dira eta neska-mutilen eskubide bardintasun eta hezkidetzak bultzatzen dituan baloreak oinarri hartzean ditue. "Ipuinek eskaintzen deuskuen magiaz baliatuz, gorputz eta desira anitzen mundu batera bidaiatuko dogu. Estereotipo zurrunetatik atera; ahultasunak onartu eta errespetetan dabezan istorioetatik, errealidade barriak sortuz" azalduten da sinopsian.

Barikuan be, Artean Irakurleen Txokoaren saioa dago 19:00etan Kultur Etxean. Alaine Agirrek bideratzen dauan literatura lanketak, Joyce Carol Oates-en Bortxaketa. Amodiozko istorio bat izango dau berbagai. Igorreko Lasarte Aretoan, 20:00etan, Itzal(iko) bagina bertsoa oinarri daukan antzerki ikuskizuna egongo da. Egungo sistema indibidualisteari kritikea egiteko asmoa dauka lanak. Bertso munduan kokatutako istorio bat izan arren, ez dau bertsoaz berba egiten, harago doazen auzi sozialetara saltu egiten dau: generoa, osasun mentala, familia nuklearra, meritokrazia... Trama honek, "hiru persona(i) bertso munduko zein euren barne munduko bakardadetik kolektibora eroango ditu. Barruan dituen itzalen eta kanpoko errealidadearen linboan alkar ikusten ikasiko dabe" sinopsiaren arabera.

Martiaren 8ko iluntzean, 21:30ean, antzezlan bat ikusteko aukerea egongo da Igorreko Lasarte Aretoan; Ste Xeito producciones-en Feminissimas antzezlana, hain zuzen be. Komedia honek, feminismoa oso modu diferentean ulertuten daben aspaldiko hiru lagunek kongresu feminista baten topo egitean dauka abiapuntua. Feminismo erradikala, liberala eta queer teoriaren jarraitzaileak dira protagonistak eta horrek norberaren buruaren gainean barre egiteko eta teoria eta praktikearen artean dagoan tartearen gainean hausnartzeko aukerea emongo dau. Ana Fernandez, Noelia Blanco eta Stephy Llaryora aktoreek gorpuztuko dabez Esther F. Carrodeguasek sortutako personaiak.

Umore morea eta musikea
Umorezko beste ikuskizun bat egongo da ikusgai martiaren 9an, Ubiden, 18:00etan, Ortuzar lokalean, Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraik ZtandaP binakako bakarrizketea egingo dabe. Ikuskizun honetan, Martiarenak eta Torregaraik generoa hartuko dabe berbagai eta, umorez, landuko dabez eguneroko gaiak: orgasmo arrakala, maitasun erromantikoa, señorak eta alkarbizitza esate baterako.

Ikuskizun hau, Ubiden bakarrik ez, Artean be ikusi ahal izango da martiaren 14an, 19:00etan, Kultur Etxean.

Egun horretan bertan, hilak 9, Zeberion, 19:00etan, Babak eltzetik ateratzen ikuskizuna egongo da Hogarrean. Antzerki honen bidez andren errealidadea eta oindino gainditu beharreko desbardintasunen gainean hausnartuko da. Eta hilaren 11n, Bediako plazan, 17:30etik 19:30era, Bardintasuna Plazara ekitaldia egongo da, Las Kapritxosas klown talde feministeagaz.

Musikeari jagokonean, martiaren 14an, barikuan, Lemoako Kotxepin Kultur Etxean, 20:00etan, Burbuilak taldearen kontzertua egongo da; eta hurrengo egunean, Areatzako Bandak Emakume doinuz bai kontzertua eskainiko dau eleizan, 19:30ean.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!