Igorreko manifestazinora joateko, 12:45ean, lau zutabe abiatuko dira. Zutabe bat Kiñu Gaztetxetik urtengo da eta han batuko dira Arantzazu, Areatza, Artea eta Zeanuritik joandakoak. Beste zutabe bat eleizatik abiatuko da Bedia eta Lemoako jenteagaz. Hirugarrena, Torreatik urtengo da, han Dimakoak batuko dira, eta Igorrekoak, Beheko plazan batuko dira manifestazinoa hasten dan lekura, hau da Kultur Etxera, joateko.
Igorreko manifestazinora joan aurretik, elkarretaratzeak eta beste aldarrikapen ekintzak be egingo dira herrietan. Diman, esate baterako, 11:30ean hasiko dira ekitaldi bategaz andren parkean, Konplize ditut kantua kantau eta jantzan egiten. Parte hartuko dabe Gazte Barri jantza taldekoek, Zamakola alkartekoek eta Dimako eskoleak. Testu bat irakurriko da gero eta 11:45ean, andren parkeko bankuak alkarlanean pintauko dabez. Ostean alkarregaz joango dira Igorreko manifestazinoan parte hartzera.
Ubiden, 12:00etan batuko dira herritarrak pankarta bat egiteko eta 13:00etan, elkarretaratzea egingo dabe plazan.
Zeberion be elkarretaratzea egingo dabe 13:00etan, udaletxe aurrean. Gero, 14:30ean, bazkari partekatua izango dabe komunidadea sendotzeko. “Martiaren 8an, herriko andrek alkarregaz bazkalduteko aukerea izango dabe. Ospakizun gastronomiko bat baino gehiago, andren arteko alkartasuna eta 8Mren garrantzia ikusiarazoteko espazioa izango da” azaldu deutsie BEGITUri. Arrastian Bilboko manifestazinora joango dira.
Jai giroan komunidadea sendotzeko helburu berberagaz, Diman, urtero lez, afaria egingo dabe herriko andrek. Aurretik poteoa egingo dabe Axlorren hasita eta ostean afaria egingo dabe herriko jatetxe baten.
Herriak be hasita dagoz morez janzten eta zapatuan, Andren Nazinoarteko Egunean, banderolak, zapiak eta pankartak zabalduko dira kale, plaza eta balkoietan, faxismoaren mehatxuaren aurrean feminismoaren indarra erakusteko.
Antzerkia Igorren
Egun horretan burrukeari eta aldarrikapenei lehentasuna emon arren, kultur ekintza more batzuk egongo dira. Holan, 21:30ean, antzerkia ikusteko aukerea egongo da Igorreko Lasarte Aretoan; Ste Xeito producciones-en Feminissimas antzezlana, hain zuzen be. Komedia honetako protagonistak, feminismo erradikala, liberala eta queer teoriaren jarraitzaileak dira. Ana Fernandez, Noelia Blanco eta Stephy Llaryora aktoreek gorpuztuko dabez Esther F. Carrodeguasek sortutako personaiak.