Aratusteei hasikerea emongo deutse Dimak gaur ‘Momotxorroak’ dokumentalagaz

Bea Azpiri 2025ko ots. 27a, 13:23

Arrastiko 18:00etan egongo da Andra Mari Dantza Taldeak, Altsasuko Inauteriak berreskuratzeko egindako Momotxorroak, kaos baten istorioa dokumentala ikusteko aukerea eskolako kamaran. Ostean solasaldia egongo da.

Bihar Kokomarroak
Dimako dokumentalak eta solasaldiak Aratusteak girotu ostean, bihar, barikuan, hilak 28 lehertuko da jaia. Herri gehienetan eskolaumeek egingo dabez desfileak, disfrazak edo mozorroak jantzita. Aratuste tradizionaletako personaiak be ikusi ahal izango dira herri batzuetan.

Holan, Artean, 16:00etan jaialdia egongo da eta desfilea egingo dabe plazara gero 16:30ean txokolatea jateko. Gero, Kokomarroak urtengo dira 19:00etan Kultur Etxetik eta kalez kale ibili ostean, Kuberue erreko dabe. Oin dala urte batzuk berreskuratu ditue, zaharrenen memorian baino geratzen ez ziran personaia honeek. Ostean, 21:00etan, Intxixu taldeak girotuko dau gaua.

Bedian umeek izango dabe protagonismoa Inauteri txiki deitu daben ospakizunean. 18:00etan, ludotekako umeek desfilea egingo dabe ludotekatik plazara eta ostean ipuin kontaketea egongo da.

Arantzazun, mozorro gaua ospatuko dabe Herriko Tabernan, Jardin Infierno taldearen musikeagaz, 21:30etik aurrera.

Igorren, ludotekako umeak astean zehar bertan egindako mozorroakaz urtengo dira kalera. Gero, 16:30ean disko festa izango dabe Esna Gazte! taldeagaz, eta ostean txokolatea egongo da Kultur Etxeko plazan.

Zeanurin, Inauteri festa.17:00etan hasiko da altxorraren bila ekintzeagaz; 18:30ean, mozorro desfilea egongo da eta 19:00etan, txokolate ogitartekoa danontzat plazan.

Zeberion, 17:30ean hasiko da mozorro desfilea; 18:00etan, meriendea; 18:30ean, dantza plaza eta 19:30ean, DJ-a egongo da.
 
Zapatuan, Txuxoak
Artean bezperan Kuberue legez, Diman Txuxoa erreko dabe zapatuan plazan, Aratuste jaiari amaierea emonez. Dana hasiko da 12:00etan, plazan, aginte makilea herritarren esku itxitakoan. Ostean, EinGo eskolako trikitilariakaz kalejirea egingo dabe eta 14:00etan, eskolan herri bazkaria. Txuxoak, plazan egingo dabe jantzan 18:00etan eta ostean Txuxoa erreko dabe.

Areatzan, 13:00etan, izango da mozorro desfilea Gudarien Plazatik hasita, Azteca de Flor Fernandezek alaituta; 15:00etan, baba-jana egongo da Areatzako Bainuetxean eta 17:30ean, Primo Bayo disko festa.

Igorren, 12:30ean kalejireak emongo deutso hasikerea egunari Garben: Gero, 15:00etan, herri bazkaria egongo da eskolako aterpean, eta 17:00etatik 19:30era, erromeria Lehian  taldeagaz.

Lemoako Udalak umeentzako jaialdia antolatu dau zapaturako, 17:00etatik aurrera kiroldegian: txiki txokoa, makillaje gunea, jolasak, photocall-a, txokolatea eta beste gauza asko egongo dira umeek ondo pasetako.19:30ean, poteo musikatua egongo da Berakatz musika taldeagaz Jubiladuenetatik hasita.

Ubiden be egingo dabe desfilea, gorria kolorea disfrazen gaitzat hartuta. 17:00etan hasiko da jaia eta 20:00etan, parrilladea eta musikea egongo da.

Arantzazun, Artean eta Bedian martitzenean, martiak 4, ospatuko dabe martitzen karnabal.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!