Zapatuan jokatu eban Ekin Eraikuntzak Arratiko Zekorrak taldeak Euskal Liga Senior 2. maila ligako hamabigarren jardunaldia La Unica Rugby Taldea nafarraren kontra, San Txisme zelaian. Atzen jardunaldietan modura, zekorrek ez eben punturik lortu, 21-31 amaitu zan-ta aurrez aurrekoa. Holan, arratiarrak atzen posturaino egin dabe atzera sailkapen orokorrean.
Imanol Iriondo jokalariak holan laburtu deutso aurrez aurrekoa BEGITUri: "Partidu gogorra orokorrean, denpora asko egon ginan defendiduten eta eurak tamainu handikoak ziren". Partidua iruindarren entsegu bigaz hasi zan baina zekorrek emorerik emon ez eta hurbiletik segidu eutseen markagailuan. 54. minutuan Zumen Iturratek entsegua lortu eta Iñaki Artetxek transformauta, arratiarrak aurretik ipini ziran. Halanda be, minutu gitxira nafarrek beste entsegu bi egin eta holan amaitu zan partidua.