gazteria

Zabalik dago Euskadiko Gazteak Lankidetzan edizino barrirako izen-emotea

Asier Abrisketa 2025ko ots. 7a, 11:51

Eusko Jaurlaritzako programa honen bitartez, gazteek hegoaldeko herrialdeetan boluntariotza lanak egiteko aukerea izango dabe. Zezeilaren 17ra arte emon daiteke izena.

Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiokoaren sailak Euskadiko Gazteak Lankidetzan programearen edizino barria ipini dau martzan. Gazteria Zuzendaritzeak eta eLankidetzak bultzatutako programa honen helburua da gazteak hegoaldeko herrialdeetako lankidetza ekintzetan sensibilizetea eta, modu horretan, euskal gazteen artean herrien eta kulturen arteko alkartasun kulturea sustatzea.

Programa beteranoa da hau, lehenengo edizinoa 1993an egin zan, eta Euskadiko ehun bat gazteri gure mugetatik kanpora lankidetza-lanak egiteko aukerea emoten deutse. Izena emoteko epea zezeilaren 17ra arte egongo da zabalik.

Eskaerak online egin behar dira gazteaukera.euskadi.eus webgunean, eta bertan konsultau daiteke erabilgarri dagoan informazino guztia. Izena emoteko pausoak eta hautaketa prozesuaren gaineko informazinoa, bidaia prestatzeko faseen gaineko bideoak, aurreko edizinoetako parte-hartzaileen esperientziak eta abar dagoz ikusgai, prozesua errazteko helburuagaz.

Programea 22 eta 30 urte bitarteko personei zuzenduta dago, eta aukeratzen dabezanek lankidetza ekintzak egin ahal izango dabez Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeakaz datorren udako hiru hilebeteetan zehar eta Amerika, Asia eta Afrikako herrialdeetan.

Jaurlaritzeak hautatutakoen bidaia gastuak eta, hala bajagoko, helmugako herrialdean sartzeako bisauaren gastuak ordainduko ditu. Igazko udan 67 gaztek parte hartu eben programa honetan, Amerikako eta Afrikako bederatzi herrialdetako 22 proiektutan lankidetza ekintzak eginaz: Hondurasen, Perun, Ekuadorren, Mexikon, Guatemalan, Bolivian, Kolonbian, Ginea Konakryn eta Etiopian. Programa honen historian 2.500 gaztek baino gehiagok parte hartu dabe 100 GGKEgaz baino gehiagogaz.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!