Eskualdeko herri gehienetan ospatuko da aurten be Zugatz Eguna zezeilean zehar eta oindino ekintza guztiak zehaztu ez badira be, Areatza eta Bedian bai eta aldez aurretik egin behar da parte hartzeako izen-emotea. Areatzan zezeilaren 15ean egingo da landaketea eta izena Udaletik zabaldutako galdetegian emon behar da, hilaren 13ra arte. Bedian barriz, hilaren 23an egingo dabe landaketea eta izena liburutegian emon behar da, hilak 14a dalarik atzen eguna.
Areatzako Zugatz Egunean, Makalan 300 zugatz landatutea da plana. Partaideak, ume zein nagusi, eleiza aurrean batuko dira 10:00etan, Makalara joateko eta zugatzok landatu ostean, hamaiketakoa egongo da. Norberak bere atxurra eroatea eskatzen da. Igaz 255 zugatz landatu ziran eta aurten beste 300 zugatz autoktono, haretxak, urkiak eta lizarrak batez be sartuko dira Larreder pasau eta Makala inguruan, Gorostolan. Izan be, baso bat bota zan han eta hori beteten saiatzen dabil Udala. Lurra udalarena da eta zugatzak Bizkaiko Foru Aldundiak ipiniko ditu. Zugatzak sartzeako zuloak eginda egongo dira, BFA arduratzen da zuloak egiteaz. Hamaiketakoa han bertan dagoan etxola baten egingo da.
Bedian, zezeilaren 23an ospatuko dabe Zugatz Eguna. Bediaztarrak 10:00etan batuko dira plazan San Lorentzo baseleizara joateko zugatzak landatzera. Umeak heldu bategaz joan behar dira eta lana egin ostean txitxi-burduntzia egongo da. Udala arduratuko da suaz eta txorizoa eta ogia bakotxak berea eroango ditu.