Gorbeiako Parke Naturala finalistea da National Geographic aldizkariaren Bidaia Irakurleen Sarien hirugarren edizinoan, Espainiako Helmuga Natural Onenaren kategorian. Gorbeiako Parke Naturalagaz batera sailakatu dira Val d'Aran, Teideko Parke Nazionala, Guadarrama Mendilerroko Parke Nazionala eta Tajo Garaiko Parke Naturala.
“Gorbeia euskal mendizaletasunaren erreferente izateaz gainera, jasangarritasunaren adibide be bada. Natura 2000 Sareko Natura Turismoaren Iraunkortasuna Aitortzeko Sistemak ziurtatutako helmuga ekoturista danez, bere baliabideen kudeaketa jasangarriko estandarrak beteten ditu” dinoe Gorbeia Helmuga Turistikotik. “Mendi-ibilaldiek, zikloturismoak, espeleologiak eta zaldiz egiten diran ibilbideek natura eta turismo aktiboa maite debenentzako leku ezin hobea bihurtzen dabe Gorbeia. Gainera, Goiuriko ur-jauziak, ehun metrotik gorako altuerea daukienak, eta Itxinako Biotopo Babestuak, paisaia balio aparta daukie”.
Botoa emon
Gorbeiako Parke Naturala bere kategorian irabazlea izan daiten, edonork emon ahal dau botoa nationalgeographic.com webgunean. Helmuga Natural Onenaren kategoriaz gainera, beste hamabost kategoria dagoz sariketan eta danetan emon behar da botoa. Kategoria bakotxean helmuga bat aukeratu ostean, balidazino formularioa bete, baldintzak onartu eta botoa bialdu behar da prozesua amaituteko. Bozkatuten dabenen artean, hamar Samsonite maleta zozketauko dira. Hamasei kategorietako irabazleak datorren aprilaren 22an iragarriko dira, aldizkariaren maiatzeko edizinoan eta webgunean.