Lurra esnatzera urtengo dira bihar Arratian hainbat koru

Bea Azpiri 2025ko ots. 3a, 11:08

Bihar, zezeilak 4, Agate Deunaren bezperea, makilak hartuta koplak kantetan eta eske errondan ibiliko dira koru ugari auzoz auzo eta kalez kale. Koruen artean ezagunena Arratiako Korua da. Urtero legez, aurten 74garrenez, Arratiako herrietan, inguruetakoetan eta Bilbon kantauko ditue koplak. Herri batzuetan herriko jentea be batuko jakie.

Garazi Navasen zuzendaritzapean, egingo dau Arratiako Koruak bere urteroko ibilbidea Arratiatik eta Arratiatik kanpo. Koplak kantetan batutako dirua Caritasentzat izango da. Aurreikusitako ibilbidearen arabera, partaideek 07:30ean hartuko dabe autobusa Igorren Areatzara joan eta hango parrokian mezea entzuteko 07:45ean. 08:15ean izango dabe urtekerea; 08:25ean, Zeanurin kantauko dabe; 08:40an, Arantzazun; 09:00etan, Igorren; 09:20an, Diman; 09:40an, Lemoan; 09:55ean, Bedian; 10:15ean, Usansolon eta Zorrontzan 10:45ean kantauko dabe. Ostean, 11:05ean, barriro be autobusa hartu eta Bilbora abiatuko dira. Han, 11:30ean, kantauko dabe Begoñako Basilikan kantau eta ostean Bilboko errondeari ekingo deutsie: 12:00etan, San Antonen eta Erribera merkaduan izango dira euren kopla eta makilakaz; 13:00etan, Arenalean eta 13:15ean, udaletxean kantauko dabe. 13:45ean, Ibaiganen; 14:10ean, Bizkaiko Foru Aldundian, 14:30ean, Carlton hotelean; 14:45ean, Botikazar Institutuan; eta 15:05ean, Guggenheim museoan izango dira kantuan. Gero, 15:20an, bazkalduteko etenaldia egingo dabe.

Bazkalostean Bilboko ibilbideari ekingo deutsie barriro, 17:00etan, Abando hotelean,

Epaitegietan, Jado Plazan, Egileor Plazan, La Viñan, Kutxabanken, BBVAn, El Corte Inglesen, Laboral Kutxan eta Ledesman entzunahal izango dira Arratiako Koruaren koplak. Ostean, 19:00etan, metroan, Plaza Barrian, eta Donibane plazatxoan. 19:30ean, Santiago katedralean eskainiko dabe emonalditxoa eta 20:15ean, Arriaga aurrean agurra egingo deutsie Bilbori.

Arratiarantzako autobusa 20:30ean hartuko dabe, baina geldiunetxo bat egingo dabe Galdakaon 20:50ean. Artean 21:20an egongo da korua eta 21:30ean Areatzan egunari amaierea emoteko atzenengo kantaldia egingo dabe Gudarien Plazan.

Beste koruak
Arratiako Koruagaz daukien hitzorduagaz gainera, Arantzazukoak 19:00etan batuko
dira herriko plazan, ensaio txiki bat egin eta herritik kantetan hasteko. Plazan, Oilakorben, eleiza parean eta Montero tabernan kantau ostean, Herriko Tabernan
amaituko dabe kantuen ostean, mokadutxo bat janez.

Artean, Kokomarroak, Ahots guraso alkarteak eta Mikel Deuna jubiladu alkarteak antolatuta, 16:00etan batuko dira eskolan eta Agate Deunaren koplak eskolan eta plazan kantau ostean, San Martinera joango dira ermitako kanpaia jo eta tostadak jatera. Ostean jarraituko deutsie eske errondeari plazan, tabernaz taberna.

Bedian, 17:00etan batuko dira herritarrak plazan auzorik auzo joateko koplak kantetan.

Igorren, 15:00etan San Antonio ermitan batuko dira auzoetatik errondea egiteko.

Areatzan, Diman, Lemoan, Zeanurin eta Zeberion eskolaumeek eta hainbat auzotako koruek beteko dabez kaleak eta baserri inguruak kantuz eta makila hotsez.

Zeanurin harago doa jaia. Koru ugari dagoz; auzo askotan eta batzuk oso antxinakoak, baina gainera, bezperan bakarrik ez, egunean bertan eta hurrengo domekan be ospakizunak egoten dira Santa Ageda ermitearen inguruan. Oso ezagunak dira, han kantetan diran Agedaren bizitza eta martirioa kontetan daben koplak.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!